Bizkaiko kooperatibentzat partaidetza-maileguak eskainiko dituzte Konfekoopek eta aldundiak

Datozen urteetan 16 eragiketa eta 64 lanposture sorrera espero dute. Balio ekonomikoaz gain, soziala ere sustatzea da maileguen helburua

Basurko eta Lavin, gaur goizeko ekitaldian | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia Basurko eta Lavin, gaur goizeko ekitaldian | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

Konfekoop Seed Bizkaia izeneko funtsa abiarazi dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, Bizkaian egoitza duten kooperatibei laguntzeko asmoz. Zehazki, kooperatiben "balio ekonomiko eta soziala" bultzatu nahi du 2 milioi euroko hasierako kapitalarekin. Guztizko horretatik 1,5 milioi euro jarri ditu Konfekoopek eta 500.000 euro aldundiak. Proiektua urrian abiarazi bazen ere, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren onarpena jaso du.

Maileguok bideratzeko prozesuan, Konfekoopek egingo du hautaketa, ondoren Seed Capitaletik aztertzeko. Tiketak batezbeste 125.000 eurokoan izango dira, 7 urteko eta 2 urteko gabealdiko maileguekin. Gainera, finantza-baldintza "onuragarriak" eskainiko dira, eta ez da bermerik beharko. Aurreikusitakoaren arabera, datozen urteetan 16 eragiketa espero dira, eta 64 lanpostu berriren sorrera.

"Aberastasunaren sorrerari begiratzeaz gainera, aberastasun hori Bizkaiko bizi-kalitatea eta gizarte-sarea hobetzeko nola erabil daitekeen ere aztertzen dugu", plazaratu du Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko diputatuak gaur goizeko aurkezpenean, hala "estandar berri bat" ezartzen ari direla nabarmenduta. Bere aldetik, hitzarmena sinatzea "garrantzitsua" dela azpimarratu du Rosa Lavin Konfekoopeko presidenteak: "funtsak emango dien onura baliatu, eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten jarraitu ahalko dute, eta inbertsio berriei ekin, proiektuak zabaldu, hazi, internazionalizazio-prozesuetan abiatu".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK