EBZk %4,5ean mantendu ditu interes tasak

Christina Lagarde buru duen erakundeak ez du eurogunean atzeraldirik aurreikusten, baina hazkunde eta inflazio aurreikuspenak txikitu ditu

Christine Lagarde Gobernu Kontseiluaren bilera osteko agerraldian | Argazkia EBZ Christine Lagarde Gobernu Kontseiluaren bilera osteko agerraldian | Argazkia EBZ

Espero zen bezala, Europako Banku Zentralaren (EBZ) Gobernu Kontseiluak interes-tasak bere horretan uztea erabaki du, %4,5ean. Urrian interes-tasak igotzeari utzi zion bankuak, eta oraingoan ere maila berean mantenduko ditu. Hala, erreferentzia tasa %4,5ean geratu da, gordailuena %4an eta kreditu erraztasun tasa %4,75ean.

EBZk bere ekonomia aurreikuspenak ere eguneratu ditu. Erakundeak oraingoz ez du atzeraldirik aurreikusten, nahiz prebisioak zertxobait murriztu dituen. 2023an euroguneko ekonomia %0,6 haziko dela aurreikusi du, irailean adierazitakoa baino hamarren bat gutxiago. 2024an, aldiz, %0,8ko hazkunde iragarpena egin du, irailean baino bi hamarren txikiagoa.

Inflazioaren aurreikuspenak ere jaitsi ditu. 2023an % 5,4 eta 2024an % 2,7, hots, aurreko kalkuluetan baino bi eta bost hamarren gutxiago hurrenez hurren. 2025ean %2,1era eta 2026an %1,9ra jaistea aurreikusi du.

Frankfurten egindako bilera ostean, Christine Lagarde EBZko buruak datorren urtean inflazioa "pixkanaka" jaitsiko dela adierazi du, eta Gobernu Kontseiluak ezarritako %2ko helburura 2025ean gerturatuko dela adierazi du. Hala, inflazioa beheranzko joeran badago ere, Lagardek ez du epe motzean gorakada bat baztertzen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK