Enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitalerako lankidetza sinatu dute Kutxabankek eta Ayesak

Ibermaticaren proiektu digitalak finantzatuko ditu finantza erakundeak

Jabier Larrañaga Kutxabankeko enpresetako arduraduna eta Gustavo Melero Ayesaren Microsoft Bikaintasun Zentroko zuzendaria | Argazkia: Kutxabank Jabier Larrañaga Kutxabankeko enpresetako arduraduna eta Gustavo Melero Ayesaren Microsoft Bikaintasun Zentroko zuzendaria | Argazkia: Kutxabank

Ibermaticak gauzatutako proiektu digitalak finantzatuko ditu aurrerantzean Kutxabankek. Hala adostu dute bi erakundeek gaur sinatu duten lankidetza hitzarmenean. Zehazki, Ayesak, Ibermatica filialaren bitartez erdietsi du akordioa finantza erakundearekin.

Hitzarmenaren helburu nagusia enpresa txiki eta ertainen (ETE) eraldaketa digitala bultzatzea izango da. Kutxabankek “finantza-erraztasunak” eskainiko dizkie enpresa hauei, “beren lehiakortasun-egoera hobetzen laguntzeko helburu argiarekin”. Era berean, Ayesa taldeak, Ibermaticaren bidez, beren bezeroei finantza aukera horiek eskainiko dizkie.

Besteak beste, Microsoften software-soluzioak ezartzeko proiektuak eta beste hainbat barne zerbitzu (konponbidearen hedapena bera, hobekuntza-ekintzak egiteko euskarria, mantentze zuzentzailea edo ebolutiboa) barne hartuko ditu lankidetzak.

Jabier Larrañagak, Kutxabankeko Enpresetarako arduradunak, adierazi duenez, “hitzarmen hau beste urrats bat da erakundeak enpresekin duen konpromisoaren barruan. Gure helburua da haien beharrei erantzutea eraldaketa digitalaren erronkan ere”.

Bestalde, Gustavo Melerok Ayesako Microsoft Bikaintasun Zentroko zuzendariak zera adierazi du: “Kutxabankekin hitzartu dugun lankidetza guretzat estrategikoa da testuinguru garrantzitsu batean, hau da, enpresa txiki eta ertainei trantsizio digitala ahalik eta gehien erraztea, ez baitago zalantzarik beren errentagarritasun- eta lehiakortasun-ratioak handitzeko behar dutela”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK