Euroguneko ekonomia moteltzen ari bada ere, EBZk %4,5ean mantenduko ditu interes tasak

Hirugarren aldiz jarraian mantendu ditu tasak %4,5ean. Uda aldean hasiko direla jaisten iradoki du Lagardek

Christine Lagarde gaurko agerraldian | Argazkia: EBZ Christine Lagarde gaurko agerraldian | Argazkia: EBZ

Europako Banku Zentralak (EBZ) gaur erabaki du interes tasak %4,5ean mantentzea. Christine Lagarde buru duen erakundeak hirugarrenez segidan mantendu ditu tasak maila honetan, azken hogei urteetako maila altuenean, nahiz eta Europako zenbait herrialdeetako ekonomia, Frantzia eta Alemaniakoa besteak beste, moteltze bidean den.

Interes-tasak %4,5ean mantentzea aurreikusten zen, eta hala bete da. Birfinantzaketa-eragiketetarako erreferentzia-tasa %4,5ekoa izango da, gordailu-tasa %4koa eta mailegu-erraztasunarena %4,75ekoa.

Urrira arte hamar aldiz segidan igo zituen EBZk interes tasak, Europako inflazioari aurre egiteko asmoz. Urrian eten zuen gorakada, eta harrezkeroztik mantendu ditu %4,5ean. Euroguneak %2,9ko inflazioarekin amaitu zuen urtea, eta EBZk ezarritako %2ko helburutik urrun dago oraindik.

Lagardek adierazi duenez, oraindik goizegi da interes tasak jaisten hasteko. EBZren erabakiaren osteko agerraldian, inflazioari eta prezioen leuntzeari egin die erreferentzia, eta ondo bidean uda aldean ekingo diote interes tasak berriz jaisteari.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK