Enpresen finantzazio kostuak azken hamar urteetako maila altuenean daude

Confebaskek jakinarazi duenez, enpresa ertain eta txikien eragiketetarako kredituaren urtebeterako interes tasa %5,04an kokatu da urrian

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Interes tasen igoera eten egin da, baina finantzazioa kostuak azken hamar urteetako maila altuenean jarraitzen dute. Hala azaldu du gaur Confebaskek ohar batean. Espainiako enpresa ertain eta txikien eragiketetarako kredituaren urtebeterako interes tasa %5,04an kokatu da urrian, patronalaren arabera, 2013tik ikusi gabeko mailan. Aitzitik, euroguneko enpresa ertain eta txikien batezbestekoaren azpitik dago, Europan eragiketak finantzatzeko tasak %5,62an baitaude batezbeste.

Enpresa handiei dagokienez, mailegu berrientzako urtebeteko interes tasa %5,13koa izan zen urrian, azken 15 urteetako zenbateko handiena. Enpresa ertain eta txikiak bezala, handiek ere batez beste Europan baino zertxobait gutxiago ordaintzen dute, %0,07 gutxiago.

Horrela, enpresen kreditu berria murriztu egin da iaztik. 2023ko lehen hamar hilabeteetan 327.517 milioi euroko kreditu berriak bildu dituzte, iazko epe berean, aldiz, 358.850 milioi euro izan ziren.

Bestalde, patronalak argitu duenez, enpresen berankortasuna 2008tik maila baxuenean aurkitzen da, eta urteko bigarren hiruhilekoan %4,1ean kokatu da, 2022ko epe berean baino 0,7 puntu gutxiagoan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK