Inflazioari aurre egiteko PFEZean %2,5eko deflatazioa adostu du Finantzen Euskal Kontseiluak

Aurten zergetan 18.102 milioi euro bilduko direla aurreikusi dute

Pasa den urrian, PFEZean %2,5eko deflatazioa adostu zuen Finantzen Euskal Kontseiluak | Argazkia: Eusko Jaurlaritza Pasa den urrian, PFEZean %2,5eko deflatazioa adostu zuen Finantzen Euskal Kontseiluak | Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera egin dute gaur Gasteizen, Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudel udalen elkarteak. Hala, 2023rako zerga itunduen bilketaren likidazio aurreikuspenak onartu dituzte, 18.102 milioi euro, hain zuzen.

Bestalde, 2024rako PFEZaren taulak %2,5 deflatatuko dituztela adostu dute, inflazioari aurre egiteko, eta 19.000 milioi eurotan aurreikusi dute hurrengo urteko zerga itunduen diru bilketaren aurreikuspena. Era berean, foru aldundiek egindako ekarpena 12,686 milioi eurokoa izango da. Arabak ekarpenaren %15,87 egingo du, Bizkaiak %50,49 eta Gipuzkoak %33,64. 2024ko Egokitzapenerako Funts Orokorrari dagokionez, 166,22 milioi euro aurreikusi dituzte. Funts horren finantzaketaren %70,81 Eusko Jaurlaritzari dagokio, eta gainerakoa foru aldundiei.

Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak adierazi duenez, urte bukaerarako diru bilketa %5,7 haziko dela aurreikusten dute. Aitzitik, abuztura arteko diru bilketaren joera are handiago izan da, %6,9koa, hain zuzen.

Era berean, 2024rako euskal ekonomia %2,1 haziko dela gogoratu du sailburuak, eta 16.000 lanpostu berri sortzea aurreikusten dutela ere nabarmendu du, %7tik beherako langabezia tasa lortuta.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK