2024, itxaropenez

2024 maitea:

Espero dut mezu honek hazkunde eta itxaropenez beteko zaituela. Teknologiaren, ekintzailetzaren eta enpresa-hezkuntzaren munduan murgilduta izan den baten talaiatik zenbait eskaera eta desira egin nahi nizkizuke.

Lehenik, ekonomia sendoagoa eta jasangarriagoa. Euskal enpresak aspalditik ezagutu izan dira beren berrikuntza gaitasunagatik eta nortasun sendoagatik; orain ordea, bultzadatxo bat behar dugula uste dut, urteetan funtzionatu dizkiguten eskemak alde utzi eta berriak eraikitzeko. Berrikuntza-tradizio horiek maila berrietara eraman behar ditugu 2024an eta hori lortzeko, berrikuntza teknologikoan inbertsio handiagoa eskatzen dizut, 2024. Teknologia berriak eraikitzen ari gara eta lanean jardun behar dugu atzean gelditu ez gaitezen: adimen artifiziala, blockchain eta energia berriztagarria dira teknologia berri horien erakusgarri. Arlo horiek sektore osoak iraultzeko ahalmena izateaz gain, kalitate handiko lanpostuak sortzeko eta hazkunde ekonomikoa bultzatzeko ahalmena dute. Urte gutxiren bueltan belaunaldi errelebo handia izango dugu, eta horrekin industria asko eraldatuko. Trantsizioa prestatzeko unea da.

Bigarrenik, gizarte-kohesioak lehentasuna behar du izan. Euskal enpresek, irabaziak eta hazkundea ez ezik, erantzukizun sozialago eta jasangarriagoa ere gidatzeko aukera ezinhobea dute. Langileen aniztasuna, gizarteratzea eta ongizatea balioesten dituen enpresa-kultura sustatzean eredu izan behar dugu eta edozein enpresariren bide-orrian egon behar du. Gainera, tokiko komunitateen beharrei erantzuten dieten eta gizarte-arazoak konpontzen laguntzen duten proiektuak sustatzea funtsezkoa izango da gizarte bidezkoagoa eraikitzeko; beraz, 2024ari enpresa txiki zein handitan tokian tokiko eragile eta langile sarea sustatzeko eskatzen diot.

Eskatzen jarrita, elkarrekintzan oinarritutako proiektu berriak bultzatzeko eskatu nahi diot urte berriari. Erronka globaletarako irtenbide lokalak garatzen jardun behar dugu etengabe, hala nola klima-aldaketa eta arrakala sozial ezberdinei erantzuten, baina horretarako enpresa-arteko elkarlana eta ongia egiteko borondatea goratu beharrean gara aurten. Berrikuntza teknologikoa eta erantzukizun sozialaren helburuak bateratzen dituzten proiektuek estandar berriak ezar ditzakete enpresa-munduan.

Laburbilduz, 2024. urtean euskal ekonomia eta enpresetarako aldaketa garrantzitsu eta oparoak datozelakoan nago. Berrikuntzarekin, gizarte-kohesioarekin eta asmo handiko proiektuekin, pertsona askoren bizitzetan eta, oro har, munduan gure aletxoa jartzeko aukera paregabea dugu. Adimen artifiziala, errealitate areagotua, ekoekintzailetza, kontsumo jasangarria, enpresa txikien automatizazioa eta beste hainbat tendentziaren urtea da 2024, eta guk ere honetan behar dugu euskaratik eta euskaldunontzat etorkizun integratzaile bat nahi badugu. Ongi etorri urte berria, ongi etorri 2024a!

Itxaropenez,

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK