Adina eta ausardia

Joan zen larunbateko elkarrizketan, Ruper Ordorikak (Oñati, 1956) zioen Berrian urte asko behar izan dituela gustoko duen soiltasun horretara ausartzeko. Adina, edo, izango da, baina 50 urte musikan ibili eta gero, orain ausartu da gustoko duen estilo bat jorratzen.

Gaztetasuna lanean erabakiak hartzeko ausardiarekin eta prestakuntzarekin lotu ohi da, eta hona hemen horietako ezaugarri baten kontrako adibidea. Zenbat eta nagusiago, erakusten du musikari elkarrizketatuak, gero eta eskarmentu handiagoa norbere lanean, ausartago esparru berriak miatzeko, norberak benetan gogoko duena lantzeko.

Zoragarri, baina ez da hori lan merkatuak ematen digun argazkia. Lan munduak arazo bat dauka langileen adinarekin: alde batetik, erretiro garaia gero eta gehiago ari da atzeratzen, eta azken lege erreformen ondoren ohikoa izango da 67 urte arte lan egitea. Baina, bestetik, 55 urtetik aurrerako langileak aukera gehiago dituzte kaleratuak izateko, eta, langabezian daudenak aldiz, zailtasun tropela lan kontratu bat lortzeko.

EAEko politikan ikusten ari garen belaunaldi erreleboa ere bada, neurri batean, lanerako adinkeriaren erakusgarri. Aldaketa eta gaztetasuna arbuiatzeke, zalantzan ipintzeke, nora doaz 55etik gorako politikariak? Zein lanetara? Adibidea emanez erakutsi oteko dute saldu ziguten erabakia, erretiro adina 67 urtera atzeratzekoa, zein ondo hartua dagoen?

Bestalde, horren begibistan ez dagoen lanari eta adinari lotuta dator aurtengo martxoaren 8ko lelo instituzionala: “Zuetaz harro” esaldiarekin, ahaldundutako emakume bakoitzaren atzean ahalduntzera bultzatu duen beste emakume bat egon dela aldarrikatu nahi dute, eta goirapatu adineko emakumeek nolako lana egin duten gazteenak ahalduntzeko. Adinetik, lanetik eta eskarmentutik emakumeek belaunaldi gazteagoei erakutsi diete zein garrantzitsua den norberak bere etorkizunari buruzko erabakiak hartzea, ekonomikoki autonomoa izatea edo edozein lanbide aukeratzea ez dagoela ezbaian. Gaztetan atrebentziarako aukerarik izan ez zuten emakumeek kemena eta ahalduntzeko oinarriak transmititu dituzte. Eta oraindik ere, Oñatiko musikariak esandako legez, adinak bati eransten dion ausardia geruzari esker, belaunaldi gazteagoen pare edo aurrerago dabiltza arlo guztietan lanean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK