Arazo bat dugu

Arazo bat dugu gazteen emantzipazioarekin, edo zehatzago esanda, gazteek dute arazo hori. 30 urte eta bi hilabeterekin joaten omen dira gure gazteak etxetik, lehenago alde egitea nahiko luketen arren; Europako auzo-lagunen etxean baina ia lau urte beranduago da hori. Eusko Jaurlaritzak 2030. urtera arteko estrategia aurkeztu berri du eta bost ardatzetan kokatu du eginkizuna: lana (lanerako prestakuntza barne hartuta), etxebizitza, errenta, kohesioa eta erresilientzia.

Arazo bat dugu gizon eta emakumeen berdintasunarekin edo zehatzago esanda, emakumeok dugu arazo hori. Gurean emakume batek 88 egun gehiago lan egin behar ditu gizon batek adina irabazteko. Emakumeek gizonek baino % 19,5 gutxiago jasotzen dugu lan berbera eginda, betiere, lan-merkatu aratuari erreparatuta, ezkutuko ekonomia ez baita erraz islatzen gisa honetako azterketetan. Erakundeek politika publikoen bidez aurre egin nahi diote horri, eta besteak beste, 2025. urtera arteko soldata-arrakala gutxitzeko plana dugu geurean.

Arazo bat dugu adinekoen bakardadearekin, edo zehatzago esanda, adineko jendeak du arazo hori. Gure artean, 65 urtetik gorako pertsonen % 31,1 bakarrik bizi da, eta horrek ez luke zertan arazo izan behar, hala aukeratuta balitz. Ez da horrela: % 26,6 bakarrik sentitzen dira, eta adinekoen % 4k ez du ia harremanik izaten inorekin, hau da, isolatuta bizi dira, munduaz aparte. Zahartzen ari den gizartea da gurea, eta besteak beste, laguntza- eta gizarteratze-sistemak eskaintzen dituzte erakundeek gizarte-zerbitzuen eta egitasmo komunitarioen bitartez.

Arazo bat dugu sexu eta genero aniztasunarekin, edo zehatzago esanda, arauarekin bat egiten ez dutenek dute arazo hori. Arazo bat dugu gurera etorritako migratzaileekin, eta, bereziki, larruazala iluna dutenek dute arazo hori. Arazo bat dugu guraso bakarreko familiekin, eta baita senide ugarikoekin ere. Desgaitasun fisiko edo mentalak dituzten pertsonekin, eta baita gaixotasun arraroak dituztenekin ere.

Halaxe jarrai nezakeen, paragrafoz paragrafo, ditugun arazoak zerrendatzen eta, zorte pittin batez, ez litzateke zaila izango arazo bakoitzaren ondoan dagozkion egitasmo estrategikoa, politika publikoak, herri-ekimenak edo boluntariotzatik eskaintzen diren erantzunak aurkitzea.

Zerrenda luzeagoa izan zitekeen, baina hor utziko dut. Batez bestekoaren baitan kabitzen ez diren “arazoak” dira guztiak, gurean nagusi den araua agerian uzten dutenak: ez gazte ezta zaharra ere ez den gizon normatiboa, ingurune normatiboan, arazo normatiboak dituena. Eta zerrenda egiten ari naizela, ezinbestean pentsatu dut askoz eraginkorrago litzatekeela araua bera aldatzera ausartuko bagina. Gizartean arau bakarrik ez dagoela aitortuko bagenu. Aniztasuna karteletarako baino, bizitza antolatzeko eta desberdinkeriak zuzentzeko irizpide gisa hartuko bagenu. Horrek ez lituzke arazoak desagerraraziko, baina beste leku baten jarriko gintuzke denok. Gizarte modura ditugun askotariko gabeziak guztionak lirateke eta ez soilik “besterenak”. Geu baikara, berez, arazoa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK