Arrakalak

Datorren ostegunean, soldata-berdintasunaren eguna egingo da Europan, gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakala agerira ekarri eta gutxiagotzearen beharra aldarrikatzeko. Horren kariaz argitara ohi diren txostenak erruz iritsi zaizkit azken egun hauetan. Irakurri dut, adibidez, Europako Batzordearen aurtengoa, eta jakin-minez, joan den urtekoarekin erkatu dut, zerbait berri edo ote dagoen ikusteko, datuak gora-behera ezagun egiten baitzitzaidan ia dena. Ikusi dut, adibidez, zenbait tokitan apur bat behera egin duela soldata-arrakalak, toki gehienetan lehengo modu bertsuan jarraitzen duela eta badirela, gutxi izanik ere, alde hori zertxobait laburtzea lortu dutenak ere.

EBko emakumeek batez beste gizonek baino %12,7 gutxiago irabazten dute orduko eta alde handiak daude kide diren herrialdeen artean: Estonian %20,5ekoa da aldea eta Errumanian %3,6koa. Alde horiei eragiten dieten faktoreak askotarikoak dira, adibidez, emakumeak nagusi diren jarduera-sektoreak prekarizatuenak izatea. Aldi baterako lanaldiek bereziki emakumeen esku jarraitzen dute urtez urte, eta berdin zaintzagatiko eszedentziek edo lanuzteek. Generoko soldata-aldea aldatuz doa bizitza profesionalak aurrera egiten duen neurrian eta hasieran txikiagoa bada, urteetan aurrera egin ahala zabaldu egiten da, bereziki sektore pribatuetan diharduten emakumeentzat. Honen guztiaren ondorioak neurtu egiten dira eskura ditugun ikerketa horietan guztietan. 65 urtetik gorako emakumeen pentsioak Europan gizonezkoenak baino %28,3 baxuagoak dira batez beste.

Gatozen etxera, eta egoeraren erakusgarri, Euskal Autonomia Erkidegoko argazkiari begiratu. Estatuan soldata handienak dituen erkidegoa gara —urteko 31.063 euroko batez bestekoarekin— eta emakumeon batezbesteko soldatan 5.622 euroko aldea dago urtean gizonekin. Matematikan bereziki trebea izan beharrik ez dago ondorio batzuetara iristeko. Adibidez, soldata berbera jasotzeko, emakumeon urteak 14 hilabetekoa izan beharko lukeela, bi hileko galera konpentsatu behar baitugu. Edota, langile baten batez besteko bizitza profesionala 36 urtekoa dela kontuan hartuta, emakume langile batek 6 urtez luzatu beharko lukeela lanari emandako denbora bere bizitzako denbora. 

Datuak ez dira egonkorrak, baina sekuentzia motelegi mugitzen da, batere aldatzen den kasuetan. Ez dut esango gora-behera horiek garrantzia ez dutenik, baina datu-uholdetik arnasa hartu ahal izateko burua apur bat atera egin behar da, eta orduan nabarmen geratzen da desberdintasunaren orratza behingoz eta betirako mugitzetik oso urruti gaudela oraindik.

Zerbait iraunaraztea nahi baduzu, edo sekretupean gorde, mundu guztiak ikusteko moduan agerira ekartzea da onena. Ez dago normaltasuna deitu ohi dugun dena delako hori baino indar erreakzionarioagorik: zerbait normala dela pentsatzeraino iristen garenean, aldagaitza bilakatzen da, adore eta energia handia behar baita bultza egiten jarraitzeko mugiezina dela uste badugu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK