Atzerapena justizia administrazioan

Botere judiziala hizpide da egunotan Espainiako hedabideetan, eta, sarri gerta ohi denez, oihartzuna Euskal Herriko hedabideetaraino iritsi da. Boterea, ostera, urrun geratzen zaigu egunean-egunean auzibideetara gerturatzen garenoi. Auzitegietan egunerokoan bizi ditugun arazoek, ziur asko, zerikusi txikia dutelako goi aldeetan gertatzen diren botere borrokekin, eta gehiago justizia administrazioaren antolaketa eta funtzionamendu ganorazko batekin.

Justizia administrazioaren erabiltzaile izatea egokitu zaion herritarrak ondotxo daki Osakidetzako itxaron zerrendak txikikeria bat direla auzibideetan pairatzen dugun atzerapenaren ondoan. Edozein prozedura judizial aurrera eramateko beharrezkoa dira abokatu eta prokuradoreak, arrazoi pixkat eta dirua, baina baita denbora eta pazientzia ere. Epaitegi bakoitzak bere erritmoa dauka, eta justizia administrazioaren baliabideek ez dute laguntzen, esango dute langileek; baina egia da administrazio horren arazorik nagusienetako bat dela prozedurak tramitatzeko beharrezkoa den denbora luzea. Horren ondorioz, epaiketak atzeratu egiten dira, denborak luzatu, eta epaiak berandu iritsi.

Aje guzti horiek, ziur asko, Espainiatik oinordetzan etorri zaigun justizia administrazioaren kume dira. Prozedurak, ekiteko moduak, lana antolatzeko moduak, eta, baita ere, nolabait, administrazioak berak berarekin daraman inertzia hori, enpresa pribatu baten aldean sarritan motel eta geldo egiten duena.

Gertatzen da, sarritan, berandu datorren justizia ez dela justizia, ez bidezkoa behintzat. Eta justiziak berak egindako aitormena da hori: aste honetan Espainiako Konstituzio Auzitegiak ebatzi du zailtasun berezirik ez daukan epaiketa baten eguna asko atzeratzeak justizia administrazioaren erabiltzailearentzako eragina daukala, bidegabeko atzerapena dela, eta, beraz, babes judizial eragingarria izateko eskubidea urratzen diola herritarrari.

Dio Konstituzio Auzitegiak epaitegiak argudiatzen dituen egiturazko zioak, edo epaitegiak jasan behar duen lan karga handia, ezin daitezkeela arrazoi izan bidegabeko atzerapen bariko prozesu bat izateko eskubidea urratzeko.

Egitateak 2021eko ekainean gertatu ziren, Sevillan, abokatu batek lan arloko demanda bat aurkeztu zuenean langile baten kontratua ez betetzeagatik. Epaitegiak demanda onartu eta 2024ko azarorako ezarri zuen epaiketa eguna. Konstituzio Auzitegiak ebatzi du orain atzerapen horrek kalte berezia dakarkiola langileari, berez ebazteko horren zaila ez den gai batean, eta ebazpenean agindu dio Sevillako epaitegiari beste data gertuagoko bat jar dezatela epaiketa egiteko.

Euskal Herriko justizia organoetan ez dugu hiru urteko atzerapenik epaiketa datak seinalatzeko orduan. Baina bai epe luzeak prozeduren tramitazioetan, epaiketa egunera iristeko denboretan edo epaileen ebazpenen zain egon beharreko denboratan. Arazo handia, hizpide txikia, nahiz eta milaka herritarrei eragin egunero.

Aurtengo urri honetan hasi da abiatzen EAEko justizia administrazioko egoitza elektroniko berria, Avantius. Espediente elektronikoa ahalbideratuko du eta auzibidearen eraldaketa ekarriko omen du. Aukera bat eman beharko diogu, ia atzerapenetan eraginik ote duen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK