Azken galdera

Eten artifizialak asmatzen ditugu bizitzaren segida ulergaitza nola edo hala kudeatu ahal izateko eta hala, azken aste osoa daramagu urte berrirako asmo onak elkarri kontatuz, edo kontatu gabe, gure buruari aginduz. Hurrengo urtean bai: erretzaile garenok erretzeari utziko diogu hurrengo urtean, ia ezertarako astirik ez dugunok erlojuaren menpe bizitzeari utzi egingo diogu hurrengo urtean. Gehiago irakurriko dugu, gutxiago haserretu, gehiago maitatu, gutxiago alferrik arduratu… Den-dena oso bizkor aldatzen ari omen den garaia da hau, baina egiazki oinarrian datzana ez da gehiegi itxuraldatu. Benetako eten bat gertatu behar da gauzak bere lekuan jartzeko, egutegiaren orrigabetzea baino errealagoa den zerbait, hain zuzen. Horrelako zerbait gertatzen denean, orduan bai, benetan axola duten galderak egiten hasten gara.

Bada, gertatu da jadanik, edo gertatzen ari da. 2023. urtean klima-aldaketaren inpaktuak inoiz baino gertuago pairatu ditugu gure harrokerian ezer txarrik bizi izatetik libre ginela uste genuenok ere. Gogoratzen Bilboko kaleetan termometroa zartatu zuten udako egun horiek? Bada, hasi ohitzen. 2023. urtean arrazoirik ez baino azalpen ekonomiko eta geopolitiko argiak dituzten konfliktoen ondorioek ziurgabetasuna areagotu dute, eta eskuz esku ekarri dituzte bizitzaren garestitze basatia. Gogoratzen oliba-olio botila segurtasun-giltzarraporik gabe saltokietan aurkitzen zeneko garai hura? Bada, ahaztu.

Sir Ronald Cohen-en “Inpaktuari buruz: Inpaktuaren iraultzarako gidaliburua” 95 orriko liburu txikia da, lehen irakurraldian bizkor irentsita ere, luzerako zaporea uzten duena, berandu baino lehen elkarri egin behar dizkiogun galderak bata bestearen atzetik eskaintzen dituelako. Olentzerok badaki zer oparitu, alajaina. Inpaktu-ekonomiaren ideia ez da berria, baina harekin lotzen den ikuspegia beste urrats bat aurrerago eramateko unea iritsi dela dio. Funtsean, ekonomiaren “zertarakoa” birformulatzeko gakoak aletzea besterik ez du egiten, baina bere soiltasunean piku egiten du zornaturiko zaurian.

Nolako munduan bizi nahi dugu? Bizitza bera amildegiaren ertzera eraman duten krisi eta kalapiten aurrean, 2030. urteari begira ezarri ditugu Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) erdietsi ahal izateko, 30 trilioi (milioi bat bilioi) dolar inbertitu egin behar dira, ez edozein modutan, gainera. Inpaktu ekonomiak enpresa eta inbertsio erabakiak hartzeko orduan arriskua, errentagarritasuna eta inpaktua uztartzen dituen paradigma aplikatzea eskatzen du: “do well and do good”, hau da, ondo egin eta ongia egin”.

Esaldi sinple hori ispilu gisa erabil genezake gure enpresetan, hartzen ditugun inbertsio edo jarduera-erabakietan gure buruari galdetuz: ondo egiten ari gara? Ongia egiten ari gara?

Enpresa-proiektua osatzen duten ekintza guztien koherentzia ez da soilik gure balantze-orrietan ikusten, planetako gainerako biztanleekin partekatzen dugun patuarekin duten harremanaren arabera ere neurtu behar da. Ikuspegia oso garrantzitsua da, baina ez da nahikoa: inpaktu positiboa sortzera zuzendu behar dira gure ekintzak ere. 

Enpresaren egitekorik garrantzitsuena aberastasuna sortzea da, baina hori ezin da jadanik gizarte-baliotik bereizi. Enpresa emaitza ekonomiko onak lortzetik haratago doazen amets posibleak egiteko tokia ote den galdetzen badiozu zure buruari, gogoratu: "Gizakiak airea behar du bizitzeko, baina arnasa hartzea ez da bere helburua".

Benetan axola duten galderak egiten hasteko unea ez bada hau, noiz izango da?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK