Baloia zelaian, eta giza eskubideak jokoan

Intergune 2022 topaketan izan naiz egun hauetan. Eusko Jaurlaritzaren Basque Trade & Investment agentziak —herri honetan izenak ingelesez jartzearen moda hori beste artikulu baterako utziko dut— nazioartekotzearen inguruan antolatu duen topaketa da Intergune. Bertan euskal ekonomiaren eragileak egoteaz gain (erakundeak, elkarteak, finantza eragileak...), hainbat herrialdetan Jaurlaritzak dituen ordezkariak ere izan dira. Bisitariei herrialde horiekin harreman ekonomikoak ezartzeko argibideak ematea du helburu ekimen honek, euskal enpresei leiho berriak zabaltzen laguntzeko.

Kontinente guztietako ordezkari andana egonda, aukera paregabea izan da herrialde horien alderdi ekonomikoak ezagutzeko eta bertan negozioak egiteko erronken inguruan ikasteko. Nigeria, Ukraina, Tailandia, Txina... herrialdeen zerrenda, egia esan, luzea zen eta ondo aukeratu beharra zegoen denbora ganoraz profitatzeko.

Bitxia iruditu zait Iran negozioak egiteko herrialdeen zerrendan ikustea, eta Jaurlaritzaren agentziarentzat lan egiten duen ordezkariarekin bildu izan naiz. Komunikabide eta sare sozialetan bolo-bolo dabilen herrialdea da Iran. Mahasa Amini gaztea gatibu hartu zuen poliziak beloa gaizki omen zeramalako, eta komisaldegian jasotako tratu-txarren ondorioz zendu zen. Heriotza horrek Irango emakumeak asaldatu, eta aspalditik ezagutu gabeko protestak bizi izan ditu herrialdeak. Atzerrian ere Iranen kontrako protestak ugariak izan dira.

Aspaldi du mendebaldeak Iran jomugan, eta bere ekonomia itotzeko neurri zorrotzak ezarri ditu. Horren adibide da bertako finantza erakundeak SWIFT sistematik kanporatu izana. Bankuen artean komunikatzeko sistema da SWIFT eta, azken urteetan Txinak eta Errusiak sistema propioak garatu badituzte ere, nagusitasun osoa du. Ezinbestekoa da, hortaz, sistema horren barruan egotea dirua munduan barrena dantzan jartzeko.

Iraneko ordezkariak debeku guztien berri eman digu Intergunen, eta Teheranekin negozioak egiteko atzerriko enpresek hartu beharreko saihesbideak azaldu dizkigu, Estatu Batuek bultzatutako zigorrak ekiditeko. Etxe Zuriak markatzen ditu, hortaz, Europak nazioartean negozioak egiteko marra-gorriak. Ez naiz ur-sakonetan sartuko neurri horien inguruan aritzeko, baina biziki harrigarriak iruditzen zaizkit zigorrak ezartzeko irizpideak. Irango banku guztiei SWIFT sistemaren ateak itxi bai, baina Errusiaren kasuan salbuespenak egiten dira, oraindik badirelako bankuen arteko sisteman sarbidea duten banku errusiarrak.

Giza eskubideen aldarria erabili zuen mendebaldeak Irani zigorrak ezartzeko, baina beste zenbati kasutan, ordea, ez ikusiarena egiten du. Adibide ugari datozkit burura herrialdei betoak eta zigorrak ezartzeko orduan ematen den hipokresiaz berba egiteko. Bada, baina, hipokresiaren gorentasuna den adibidea: Qatar. Izan ere, ate joka dugun Munduko Futbol Txapelketak marka guztiak hautsi ditu. Qatarreko udako tenperaturak ekiditeko herrialde askotako ligak etengo dituzte Mundiala neguan jokatzeko.

Giza eskubideena da hipokresiaren beste erpina. Estadioak esklabutza egoeran eraiki dituzte langileek, heriotza ugari eraginez, eta emakumeen eskubideak ere urratzen ditu Qatarrek. Horrek, antza, ez du horrenbesteko garrantzirik. Jakina da futbola bezalakorik ez dagoela emakume eta zapaldutako kolektiboen eskubideak aldarrikatzeko. Horrela pentsatzen omen dute FIFAko kideek. Zelairatu dadila, beraz, baloia, jokoan daudena giza eskubideak badira ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK