Bigarren eskuko arroparen negozioa, kontrolik gabeko gure kontsumismoari konponbide erraza?

Jasangarritasuna gaurkotasuneko gaia den garai hauetan, nork ez du aldaketarik egin bizitzeko edo kontsumitzeko ohituretan? Ni neu izan naiz lehena, plastikozko botilak erabiltzeari utzi, modu lokalean eta ontziratu gabekoan erosten saiatu, eta, jakina, fast fashioneko erosketak gutxituz eta bigarren eskuko arropa erosteko saiakerak egiten dituena.

Gaur, hain zuzen ere, bigarren eskuko arroparen inguruko hausnarketa partekatu nahi dizuet. Duela bi urtetik, era guztietako bigarren eskuko arropa denden zalea naiz (fisikoak, online, azoka txikiak, aplikazioak). Baina badira zenbait hilabete bigarren eskuko arroparen negozioak nolabaiteko arbuioa eta zalantzak sortzen dizkidala.

Azkenaldian, Vinted gisako aplikazioetan sartzen naizen bakoitzean, sasoiko arropa etiketarekin eta prezio berean aurkitzen dut. Edo markako zein momentuko influencerrak erabilitako arropa, ia jatorrizko prezioaren balioarekin. Eta ez saiatu negoziatzen, saltzaileen premisa xahututako dirua berreskuratzea baita.

Badirudi horrelako aplikazioak leku ezin hobea direla gure kontsumismoa 'zuzentzeko' eta, gainera, inolako galerarik edo ikasteko modurik gabe. Aplikazioen bidez arropa saltzean, jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren helburua hutsaldu dela iruditzen zait. Eta asko eskertuko nuke mekanismoren bat izango balitz, balio eta helburu jasangarriak dituen salmenta saritzeko, balio egokiak sustatzeko helburuarekin.

Beste herrialde batzuetara begirada bat botatzen badugu, horrelako aplikazioen erabiltzaile gehienek ekonomia zirkular iraunkorra eta egokia sustatzen dute. Eta, zorionez, badirudi aurrerapenak egiten ari garela zentzu horretan, eta merezi duten geroz eta ekimen gehiago topa ditzakegula. Bat aipatzearren: runtowear. Komunitate horretan, diruak ez du baliorik, alegia, jantziren bat lortu nahi baduzu, zure arropa aldatu beharko duzu lehenik puntuak lortzeko.

Bigarren eskuko arropa erosteak edo saltzeak, beraz, ez du bermatzen ekonomia jasangarritasunarekin bat egiten duzunik. Ondorioz, aho biko ezpata bilakatzen dira horrelako aplikazioak. Bestela esanda, bigarren eskuko arropa erosteko moduan ere hausnarketa plazaratzea eskatzen duela iruditzen zait, azken urte hauetan asko aurreratu dugun arren, oraindik bide luzea baitugu egiteko. Jada bigarren eskuko arropa erosteko zaletasuna baduzu, beharrezkoa soilik erosten duzu, ala 'merkeagoa' den aitzakiarekin gustuko duzun oro erosten duzu? Oraindik moda azkarra kontsumitzen baduzu, eta bigarren eskukoa ez bazaizu erakargarria egiten, pentsatu duzu arropa marka jasangarrietan erostea, hiru hilean behin arropa berritu beharrean?

Argi dago, jasangarritasunaren bidea eraikitzen jarraitzeko, gure bizitzeko eta kontsumitzeko moduak zalantzan jarri behar ditugula, eta pixkanaka eraldatu, aldaketa iraunkorra izan dadin.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK