Bisioak

Nora iritsi nahi duzun ez badakizu, edozein bide egoki irudituko zaizu. Lurralde Miresgarrian galduta samar zebilela, halaxe esan zion Aliziari Cheshireko katuak, irribarre eginez. Estrategia bisioaren alaba da, baina tamalez, maiz umezurtz jaiotzen dira planifikazio-ariketak, eman beharreko urratsak finkatuta ere, norabide argirik gabe finkatzen baititugu. Gure erakundeetan gertatzen da, eta baita herri-mailan ere, askotan. Barre egiten digu katuak, baina gu ez gara ia ohartzen, beste zerbaiten ari garelako, ibiltze soilarekin katramilatuta gaudelako. Nora joan eta nora iritsi nahi dugun aldez aurretik pentsatzeko astirik hartu gabe ere, ibili bagabiltza.

Pentsamendu estrategikoa modaz kanpo geratu zaigun susmoa dut. Den-dena oso bizkor aldatzen ari dela esaten diogu elkarri eta, ondorioz, eraldaketaren olatuaren gainean ibitzeari nahikoa deritzogu, itoko ez bagaitu. Planifikazio-ariketa sendo askoak egin dira gurean, baina ekarpen esanguratsuak egiten irautea lortu dutenak, eskuarki, bisio sendo baten gainean sortutakoak izan dira. Horrek ez du esan nahi hasietarik beretik egin beharreko lan guztiak zehatz-mehatz finkatuta zutenik, ezta gutxiagorik ere. Bidean beti sortzen dira ezusteak —onak eta txarrak— eta jakin behar da horien aurrean egokitzen, malgutasunez, baina helmuga begien bistan galdu gabe.

Gaur abenduak 6 ditu eta gaurko egunez argitaratu zen lehen aldiz Euskaldunon Egunkaria. Oso ondoan izatea egokitu zitzaidan. Goizaldeko 6ak aldera suertatu nintzen Hernaniko kiosko baten erredakziotik atera berri ziren orduko langile batzuekin. Ilaran jarri ginen, lehen ale hura erosi eta euskarazko eguneroko prentsarentzat mugarri izan zen orri-saldoa eskuetan izateko emozio handiz. Erabat lehortu gabe zegoen, antza, eskuak belztuta genituela besarkatu baikenuen elkar.

Euskarak eguneroko prentsa behar zuen: horixe bisioa. Gero etorri zen estrategia: nola landu, nola antolatu, nola finantzatu, nola aurre egin euskarak, etxeko zuloan egonda, goxo, nahikoa zuela esaten zutenei, eta baita herri honek egunkari bat egiteko indar, baliabide eta gaitasun nahikorik ez zutela esaten zutenei ere. Aurrena, baina, bisioa izan zen: euskarak egunero behar du agertokia, eta euskaldunok egunero behar dugu gure hizkuntza eta mundu-ikuskerarekin informatu. Hori bezain sinple, hori bezain indartsu.

Gaurko egunez ere Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sortu zen, herrigintzaren oinarrien gainean euskararen erabilera biziberrituko zuen elkarlan-dinamika berria abiatzeko eta sustatzeko. Zehazki nola egin behar zen hori —hots, estrategia— ibili-ibilian definitzen joan zen, herri-akordioak, akordio politikoak, plan estrategiko eta sentsibilizazio-ekimen sendoak eginez. Bisioaren peskizan: elkar hartzeko guneak sortu behar dira, elkarlanetik bide komunak urratzeko.

Mugitzea eta aurrera egitea ez dira gauza bera. Zorionak aitzina eginarazten gaituzten bisioak ekoizteko gaitasuna duten horiei, eta eskerrik asko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK