Dilemak dilema

Izan al duzu inoiz dilema etikorik lanean? Atakan jarri zaituen erabakirik? Edo bestela esanda, ba al dago bizi ez duenik? Zutabe honetan lan munduko dilema etiko eta moralei buruz jardun nahi nuke, asko bizitzen baititugulako baina gutxitan azaleratzen dugulako gure zalantza. Lan esparruan, eta bereziki enpresen lan inguruneetan izaten diren dilema moral komun batzuk zerrendatuko ditut.

Zenbat eragiten digu errendimendu txikia ematen ari den langile bat kaleratzeak?  Eta arazo pertsonalak dituen bat, etikoa al da kaleratzea batez ere haren ongizateari eragingo badio? Behin eta berriz aritzen gara helburuak, metrikak eta KPIak behar direla lanean, baina hauek etengabe kunplitzen ez dituen lankideak kaleratzeratzeko nahikoa argumentu denean, zalantzak sartzen dira: ez ote den goizegi, ez ote dauden helburuak altuegi, ez al zaion beste aukera bat eman behar, ea ondo dagoen alor pertsonalean eta ez ari ote den lanean eragiten, etab.

Zer diozu bestela bezero baten portaera oldarkorraren aurrean? Nola egin aurre bezero zakar, errespetugabe edo ez etikoei harreman komertzial batean? Zein da bere portaera jasateko prezio altuena? Prest egongo zinateke beretzat lan egiteari uzteko taldeari eta enpresari modu esanguratsuan eragiten hasten bada? Badira asko eskatu edo exijitzen dutenak, kontratatu duten akordiotik kanpo dauden puntuak badira ere, eta batzutan ezetz esaten jakin behar da oldarkor jartzen bada ere.

Agintekeririk erabili al duzu inoiz? Boterea edo enpresan duzun posizioa lagun edo senideei mesede egiteko erabiltzea etikoa al da? Politikariez jarduten gara askotan ate birakariak ez ote dauden, baina ez duzu ikasketak bukatu berri dituen semea enpresan sartu duen ezagunik inguruan? Eta ikastetxeko ikaslea izan delako postu finkoa lortzen duen irakaslea? Hauek ere dilemak dira, edo behar lukete behintzat.

Zeresanik ez publizitatearen munduan lan egiten duten kideek izango dituzten gatazka moralak. Publizitate engainagarria edo manipulatzailea salmentak handitzeko edo markaren irudi positiboa mantentzeko erabiltzea etikoa al da? Denak printzipioz aho batez ezetz esango bagenu ere, oraindik ere bada erabiltzen den —maila txikian bada ere— publizitate edo komunikazio engainagarria egunerokoan: enpresa baten adierazpen anbiguoak, promozio batean ahalik eta azkarren saltzeko erabiltzen diren amaiera-data faltsuak, kostu gehigarriak ezkutatzea, albo-kalte edo arriskuez ez ohartaraztea, etab. Zuzenki edo zeharka baina edozein enpresari gerta dakioken dilema da hau ere.

Eta azkenik, hain modan dagoen erantzukizun soziala. Enpresa batek erantzukizun sozialeko ekimenekin zein neurritan konprometitu behar den erabakitzea eta ekimen horiei zein lehentasun ematearen erabakia hartzea. Esaterako, zer doa lehenago guk ekoizten dugun produktuko plastiko guztia kentzea ala hamar mila zuhaitz landatzeko donazioa egitea? Edota lan-kostu txikiagoak baina kalitate eskasagoa duen beste herrialde batera eramatea ekoizpena ala gurean lanpostuak mantentzea? Etekinak lehenetsi ala langileen eskubideak errespetatzen diren tokian mantendu? Dilemak dilema.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK