Dirua nola gastatu

“Ekonomia, funtsean dirua izanik ere, bada beste gauza asko” esan zuen Maite Reizabalek, etxe honetako erredakzio buruak Rikardo Arregi Kazetaritza Saria jasotzeko ohorea izan berritan egin zituen eskertza hitzetan. Baina herritar gehienok, ekonomia zer den galdetuta, esaldiari buelta emango geniokeelakoan nago: ekonomia, beste gauza asko izanda ere, funtsean dirua da. Ekonomia, herritar gehienon iritzirako, dirua irabazteari edo irabazteko moduari lotzen zaio. Ostera diruaren kontrako norabidean jarri nahi nuke gaur fokoa: dirua nola gastatu. Are gehiago, sartu garen diru-gastatze handiaren urte bukaerako sasoi honetan.  Izan ere, aspalditik nauka txundituta jendeak dirua zertan gastatu nola erabakitzen duen.

Dirua nola gastatu hertsiki lotuta dago dirua irabaztearekin, batzuen gastuak besteen irabaziak baldintzatzen ditu, eta alderantziz. Dirua irabazi eta dirua gastatzea, ekonomiaren aldea eta ifrentzua. Financial Times, ziur asko munduko ekonomian eta negozioetan eragin handiena duen egunkariak, badu irabazitako diruari su emateko moduari eskaintzen dion luxuzko gehigarria, How to spend it, dirua nola gastatu. Bertan aurkituko ditu irakurleak bere diruari erabilera emateko luxuzko ideiak: janaria, edaria, moda, opariak, bidaiak, kultura, kotxeak, motorrak, hegazkinak, itsasontziak, dekorazioa eta gadgetak dira hau idazten ari naizen unean gehigarriko webgunean agertzen diren atalak. Daitort: argitalpenak kateatuta nauka, kapitalismoaren droga gogorrenen txute baten parekoa da.

Gatozen baina mundu lurtarrera: dirua nola irabazi eta dirua zertan gastatu, egunero hartzen dugun erabakia, ekonomiari lotutako ekintza da, eta aldi berean ekintza politikoa da. Ez baitago gauza politikoagorik gure dirua gastatzeko eta hautatzeko hartzen dugun erabakia baino. Non, zertan eta zenbat. Kaleko dendetan erosi ala interneteko plataforma handietan erosi. Euskara erosketa hizkuntza izan ala ez. Kulturan gastatu eta ondorioz liburuak, kontzertuetarako edo antzerkirako sarrerak erosi, edo aisiari ematen diogun dirua kirol arropa garestirako erabili, edo jatetxe eta taberna modakoetan sartzeko baliatu. Arropa eta moda, ekoizpen jasangarriak izan ala ez, etxerako janari gertukoa kontsumitu ala ez, auzokoarengan inbidia pizteko helburua ere daukaten automobilak erosi, opor bidaiak azkarrago, urrunago, sarriago egin. Hasi Durangoko azokatik, segi San Tomas eta urte zaharreko feriekin eta Gabon, Olentzero eta Errege Magoak arte gastatuko dugun dirua  ere bada ekonomia. Bakoitzak ikusiko du bere erabaki politiko-ekonomikoa nola kudeatu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK