Edukien sorkuntza masiboa

Gure enpresarentzat marketin estrategia bat prestatzen gabiltza aspaldian. Nola posizionatu gaitezke merkatuan? Nola erakarri bezero berriak? Gaurko zutabea edukien estrategia eta marketinari eskaini diot, orain artean ikusi ez dugun ikuspegi ezberdin bat eskaintzeko, eta bederen nire ikasketa eta esperientziatik aukera berriak partekatzeko.

Kalitatezko askotariko edukia masiboki produzitzeak trafikoa eta interesa piztu ditzake sektore teknologiko eta sektore lehiakorrean. Estrategia hori betidanik erabili izan da nola edo hala, baina azkenaldian asko erabiltzen ari den estrategia da, teknologikoetan batez ere. Estrategia horren funtsa honakoa da: enpresa berritzailea den horren inguruko edukia masiboki sortzen da (teorizazioak, eskuliburuak, artikuluak, webinarrak, formakuntzak, etab), horrek bezero eta kontaktu berriak organikoki erakartzen ditu, eta horretan interesa duen edozein erabiltzailek bere datu pertsonalak erraztuz, deskargatu edo ikusi ahal izango du edukia.

Marketin edo antzeko diziplinetan lan egiten baduzu, orain artekoa ez zitzaizun berria egingo. Zutabe honek ez du ezer irakasteko helbururik, enpresa teknologikoetan funtzionatzen ari den estrategia partekatzea baizik. Estrategia hau SaaS sektorean erabiltzen hasi den arren, beste sektoreetara ere egokitu liteke, haorien presentzia digitala handitu eta audientzia edo komunitatea sortzeko.

Moda edo gastronomia bezalako sektoreetan, esate baterako, hurbilketa hori gaur egungo joerekin, aholku praktikoekin edo errezeta berritzaileekin lotutako eduki-ekoizpen etengabea erabil liteke konpetentziarekiko diferentziazioa egiteko. Sektore bakoitzeko publikoaren beharrak eta lehentasunak ulertzea eta eduki horren arabera egokitzea da gakoa. Edukiaren dibertsifikazioak, gaien aldetik ez ezik, formatu eta hizkuntzen aldetik ere sustatu behar dira, audientzia zabalagoa eta askotarikoagoa lortzeko.

Garrantzitsua da nabarmentzea, kantitateaz gain, kalitatea ere garrantzizkoa dela edukia sortzerako orduan. Normalean, pertsona berri batek gure enpresa deskubritzen duenean eta eduki bat ikusten badu, aukera bakartzat har genezake pertsona hori maitemindu edo aldentzeko. Ez dago bigarren aukerarik, enpresarekiko lehen irudi eta iritzi bat eratuko baitu zaila izango da bertatik ateratzea. Edukiak informazio handikoak, erakargarriak eta, batez ere, gure publikoarentzat garrantzitsuak izan behar dute. Gainera, SEOaren integrazioan eta marketin digitaleko estrategietan babestu beharko gara edukia ondo posizionatzeko.

Enpresa teknologikoa bazara eta bezeroengana iristeko zailtasunak baldin badituzu, egin proba edukien sorkuntzaren estrategia aktibatuz. Edukien sorkuntzaren aroan bizi gara —Tik Tok, Youtube, Twitch, etab— eta enpresetan edo entitateetan ere martxan jartzeko garaia heldu da.

Horren adibide dugu espainiar estatuko Metricool kasu arrakastatsua. 11 milioi fakturatzen dituen software enpresa hori  900.000 bisita inguru jasotzen ari da hilean bere blogean, eta hizkuntza ezberdinetan gainera. Ez dut antzeko kasurik ezagutzen Euskal Herrian, baina merkaturatzeko estrategia edukien produkzioan oinarritutako enpresarik ezagutzen baduzu, partekatu mesedez.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK