Ehun eta bat

Oso urduri gerturatu nintzaion beste mundu batekoa iruditzen zitzaidan artistari. Figura mitologiko baten aurrean bezala sentitu nintzen atea zabaldu zigunean, artean gaztea eta kazetaritzan esperientziarik gabea nintzen hori. Elkarrizketa bat nola egiten den erakutsi egiten den zerbait da, eta elkarrizketa bat nola ez den egin behar, hori norberak ikasten du hanka sartuta.

Nik Nestor Basterretxearekin (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014) ikasi nuen lezio garrantzitsu hori. Udazkeneko arratsalde sargori baten egin genuen hitzorduan bere etxean. Hitzik gabe nengoen eta artegatasun hori saihesteko edo, biderik ankerrena hautatu nuen: hitzontzi ergelarena. Eseri orduko eskerrak eman nizkion, ez behin edo bitan, hamaika aldiz baizik. Gutxi gora-behera, honelaxe joan ziren lehen bost minutuak: «Ohorea da, sekula imajinatuko ez nukeen aukera da hau niretzat, barkatu, guretzat; badakizu, irrati txikia gara eta zu artista handia, eta ez bakarrik artista, baita gure herriko ikur kulturala eta politikoa ere ba bazara, esan nahi dut ikur politikoa zentzu zabalean, ez alderdikoia zarelako…».

Gauzak okerrago joaterik ez zegoela sinistuta nengoela, isilune labur bat baliatu zuen berak eta «eta zehazki, zer galdetu nahi zenidan?» bota zidan, irribarre lasaigarri bat eskaintzearekin batera.

Ez dizut auzo-lotsa pasarazi nahi, irakurle, baina imajinatzen duzun bezain lotsagarria izan zen, edo gehiago. Gaur Basterretxea jaio zela ehun urte eta egun bat. Egunotan makina bat tokitan eskaini zaio bizitzan zehar irabazi zuen ospearen aitortza. Bere herrietan, itsasoaren alde banatan (bat baino gehiago izan baitzuen gogoko eta bihotzeko), bere jardun-esparruetan (margolaritzan, eskulturan, zinemagintzan, diseinuan, herri-ekintzailetzan, kulturgintzan eta ideiagintzan, besteak beste, eskuekin bezain trebea baitzen buruarekin) eta ezagutu zutenen artean, besteak beste. Denek goraipatu dute bere ekarria, denek edo ia denek aitortu diote euskal kulturaren Olinpon dagokion tokia, bere arte eta gizatasunaren neurrikoa dena, hau da: erraldoia.

Eta nik, elkarrizketa lotsagarri horretaz gogoratu, eta Olinpoko jainkoak hilkorrekin eskuzabalak izaten direla kontuan hartuta, amets egin dut eskatuz gero denboran atzera egiteko miraria edo egin zezakeela, eta berriro haren etxeko atean jo, eseri eta orain bai, jakin nahi ditudan gauzak galdetu egingo nizkiokeela.

Makina bat gai zehatz bururatzen zaizkit, askotarikoak, baina guztiek ardatz beraren ingurura naramate: berreskura ote genezake, herri-modura, garai hartako energia eraldatzailea? Galdera asko egingo nizkioke orduko berpizkundea berriro jazo ote daitekeen ulertzeko, garai hartan bezainbeste behar baitugu orain arlo guztietan.

Abanguardiaren praktikanteari, abangoardian jardun izanagatik horrenbeste sufritu zuen Basterretxeari, galdetuko nioke nola eutsi dakioken eraldaketaren garrari, noizbait erre egingo garela jakinda ere.

Orduko berrikuntzek ekarri gaituzte honaino, baina nekez eramango gaituzte aurrerago berriro gauzak beste modu batez egiteko ausardia baliatzen ez badugu. Galdetuko nioke ea posible den sormen eraikitzaile hori ikastea edo irakastea, aldaketak aldaketa, pentsamendu apurtzaile hori baita aurrera bultzatzen gaituen herri-indar behinena.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK