Ehun urte

Begi hutsez ikusi eta pairatzen ditugun arazoen aurrean zaila da itxaropenari eustea, baina perspektibak erakusten digu munduan ez dela sekula izan gaur egungo ongizatearen mailarik. Zailtasunak zailtasun —eta ez dira gutxi izan— ez diogu okerrak zuzentzeko mekanismoak garatzeari uko egin. Oraindik horien erabilera ez bada ez nagusitu ezta erabat orokortu ere, aberastasun ekonomikoa eta gizarte-balioa uztartzen dituen munduak gero eta espazio handiagoa hartzen du ekonomiaren geografian. Ez da nahikoa, baina bada.

Munduan sekula baino aberastasun handiagoa sortzeko gauza diren egitura enpresarial eta ekonomikoak ditugun arren, banaketa hain da neurrigabeki desberdin herri eta pertsonen artean ezen kontrakoa irudi lezakeen. Gerren arteko bake-aldirik luzeena bizi dugu Mendebalde oparoko gizarteok, baina bihotza uzkurtu egiten zaigu berdin-berdin, Gazako genozidioa ulergaitz eta jasanezina egiten zaigulako, Ukrainiako gatazka armatuak gerra etxe-atariraino ekarri duelako, edo pobrezia sistematikoaren ondorioen erantzule garela badakigulako.

Nola orekatu gertutik ikusteko betaurrekoen panorama lazgarri hau ez bada luzera begiratuta?

Urte berriko gurarien zerrenda osatzeko lagungarria izan daitekeelakoan, imajina dezagun 2024. urte honetan aukera suertatzen dela munduko dibisa eta finantza sistema arautzeko, Bigarren Mundu Gerraren ostean Bretton Woodseko hotel horretan 44 herrialdek egin zuten gisan. Amets egin dezagun aukera dugula atzera berriro ordena ekonomiko berri bat diseinatzeko, zeinak kontuan hartuko dituen honaino ekarri gaituen ereduaren argiak eta itzalak, lorpenak eta eragindako kalteak.

Gauza lirateke herrialdeak gobernu ekonomiko globalaren oinarrizko printzipioak zein diren adosteko? Gauza ginateke munduko giza taldeak gure ahotsa entzunarazteko? Munduko merkatuek demokraziaren joko-arauetan nola jardun behar duten erabakitzeko kapaz izango ginateke? Ongi izatea eta ongia egitea, biak ala biak, uztartzen dituen enpresa-ereduen alde egingo genuke? Hazkunde ekonomikoa garapenaren aldareetatik atera eta giza garapena  orekatu eta bidezkoa gurtzen ikasteko gai izango ginateke? 

1921eko maiatzean, The Guardian egunkariko editorea CP Scott-ek artikulu gogoangarri bat idatzi zuen egunkariaren mendeurrena ospatzeko. Saiakera "Ehun urte" izenburupean argitaratu zen eta kazetaritza independentearen sortze-agiri gisa hartzen da oraindik. Hedabide batek bete behar duen tokiaz idatzi zuen, baina bereziki, kazetaritzaren beraren zereginaz ziharduen bertan. “Ehun urte denbora luzea da, baita egunkari baten bizitzan ere. Atzera begiratzen dugunean, gure egunkariaren garapena ikusten dugu, baina herriaren are munduaren munduaren aurrerabidea eta doikuntza bera dakusagu. Lekuko zintzoak izan gara”.

2024. urteak aukerez beterik aurkeztu du bere burua jadanik. Etorkizun posibleez erdituko da egunak eta asteak igaro ahala eta horren lekuko zintzo izaten ahaleginduko gara.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK