Enpresa inguruneari oparitan

Aurreko astean iragarri zen albistea: kaleko arropa fabrikatzen duen Patagonia marka sortu eta mende erdira, Yvon Chouinard fundatzaileak konpainia oparitu egin du. Enpresa saldu edo burtsara atera ordez, Chouinardek, haren emazteak eta beraien bi seme-alabek 3.000 milioi dolarreko balioa duen jabetza utzi dute, konfiantzazko eta irabazi asmorik gabeko bereziki diseinatutako erakunde bati. Entitate hori sortu zen enpresaren independentziari eusteko eta onura guztiak —urtean 100 milioi inguru— klima-aldaketari aurre egiteko eta mundu osoan garatu gabeko lurrak babesteko erabiliko direla bermatzeko.

Berriak zur eta lur utzi du mundu guztia. Ezohiko mugimendu hori klima-aldaketaren alde borrokatzeko aberatsen kanpaina eta mezu hutsalen ugaritzeen ondotik etorri da. Chouinard familiak urteetan mespretxatu ditu arau komertzialak, ingurumenarekiko benetako zaintza aldarrikatuz, eta Patagonia marka bidez jardun dute haien misioa bultzatzen, goreneko une honetara heldu arte. “Nahiago nuke erabaki honek kapitalismo-modu berri bat eragingo balu”, esan zuen 83 urteko ugazabak eta “planeta hau salbatzeko lanean ari diren pertsonei emango diegu gehienezko diru-kopurua” aldarrikatuz eman dio amaiera ziklo honi.

Horrek ez du esan nahi enpresa itxiko dutenik. Patagoniak Venturan (Kalifornia) egoitza duen irabazi-asmorik gabeko korporazio pribatu gisa jarraituko du lanean, eta urtean 1.000 milioi kamiseta, eskiatzeko materiala, kapela, galtza eta beste ehundaka artikulu saltzen jarraituko du. Aldaketa esanguratsu batekin, hori bai. Chouinard familia, joan den hilabetera arte Patagonia kontrolatu duena, ez dira konpainiaren jabeak izango aurrerantzean.

Patagonia enpresak urteetan izan du kapitalismoarekiko eta ingurumenarekiko sentsibilitate berezi bat, eta onenetarikoak izan dira marka, mezu, produktu eta ekintzak harmonian eta misioa mantzentzen. Milioika pertsona maitemindu ditu kotoi organikoz egindako arropa saltzen, baina baita markak helarazten dituen mezu eta irudiengatik ere.

Orain oso modan jarri den “enpresak sozialki arduratsuak izango dira, edo ez dira izango” han-hemenka entzuten dugu. Enpresa asko hasi dira Erantzukizun Sozial Korporatiboa (ESK) aplikatzen egunerokoan, eta beste askok GIH garapen iraunkorreko erronketan kokatzen dute haien helburu eta ekina. Aitzitik, ez da nahikoa. Patagonia bezalako enpresa gehiago behar ditugu: hitzetatik ekintzetara pasatzen direnak, muturreko erabakiak hartzeko ausardia dutenak —enpresa dohaintzan ez eman arren— eta ingurumenaren eta pertsonaren zaintza DNAn dutenak.

Harritu al zaitu Chouinard sendiaren erabakiak? Pauso ausarta izan da, aitzindaria. Halakorik egitea gutxi batzuen esku eta buruetan dago, baina guk ere badugu zer egina gure txikitasunean. Gure ekinari esker ingurumenaren alde egin eta eragiten dugun inpaktu soziala neurtu, aztertu eta hedatu genezake erabiltzaile, bezero eta hornitzaileei. Eta, zergatik ez, urteko irabazien ehuneko bat —irabaziak badituzue, noski— bultzatu nahi duzun erakunde edo asmo on bati eman? Tira, norberak ikusi eta egingo ditu bereak. Bitartean, Patagonia bezalako markaren baten kamiseta bat eros dezakezue.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK