Enpresa publizitatearen askatasunaz

Enpresa askatasunaren mugak hizpide izan dituen epaia ezagutu dugu berriki. Espainiako Auzitegi Gorenak eman zuen epaia joan zen astean, joko-jardueren komunikazio komertzialak arautzen dituen Errege Dekretuaren aurkako errerkutsoa ebazterakoan. Epaiaren ondorioa izan da dekretuaren zenbait artikulu deusez deklaratzea jokoaren publizitatearen inguruan. Baina epaiaren azken ondorioaz aparte, interesgarria da nola sartzen den aztertzera enpresa askatasuna eta berorren mugak.  

Espainiako Konstituzioak merkatu ekonomiaren markoaren barruan, enpresa askatasuna aitortzen du. Askatasun horrek badauzka mugak, eskubide absolutua ez denez, oinarrizko eskubide bat ez denez. Doktrina konstituzionalaren hastapeneko oinarrietako bat da botere publikoek enpresa askatasunaren mugak ezartzeko duten ahalmena aitortzea, legez ezarri beharreko mugak, beti ere eskubidearen oinarrizko edukia errespetatuz. Enpresa askatasuna herritarren eskubide eta obligazioen sekzioan sartuta dagoen eskubidea denez, askatasun horri ezartzen zaizkion debekuek eta mugek lege estaldura behar dute eta proportzionaltasunezkoak izan behar dute.

Ondorioz, Konstituzio Auzitegiak ezarri duenez, enpresa jarduerak badauzka mugak, besteak beste, publizitate arloan. Zeren publizitatea, adierazpen eta informazio eskubidearen oinarrizko eskubideari lotuta egoteaz gain, enpresa askatasunaren zati da, enpresek publizitatea beren produktuak eta zerbitzuak eskaintzeko eta lehia librean aritzeko erabiltzen duten baliabidea baita.

Mugak Estatuak jarri behar ditu, dio jokoaren komunikazioa ebazten duen epaiak, Estatuak adingabeak eta erabiltzaile eta kontsumitzaileak babesteko mandatua daukalako. Hortaz, zilegi da Estatuak arau bitartez enpresa sektorean jardueran esku hartzea, horretarako arrazoiak baldin badira gizarte politikak, adingabeen babesa edo zerga iruzurra eta kapitalen zuritzea prebentzioa.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ere zilegi iritzi dio joko ustiapenari lotutako enpresa sektorea arautzeko esku hartzeari, eta eskumena aitortzen die estatu kideei diru jokoen antolaketa eta ustiaketa mugatzeko, ordena publikoko, segurtasun publikoko eta osasun publikoko arrazoiak direla medio. Modu orokorragoan, ontzat eman du enpresaren publizitate jarduera mugatu ahal izatea, eta Estatuek eta erakundeek erabaki politiko, ekonomiko eta sozial konplexuak hartu behar dituzten neurrian, muga horiek nabarmen desegokiak direnean bakarrik jarri ahal izan daitezela kolokan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK