Enpresako afariak bai edo ez?

Gabonak ate joka ditugu, eta horiekin batera enpresako afariak bueltan dira pandemiaren etenaldiaren ondoren. Aktibitate korporatibo horiei buruz askotariko iritziak daude: batzuek oso gustuko dituzte; beste batzuentzako, berriz, gogaikarriak dira. Niretzat enpresa-ekitaldiak edo jarduerak garrantzitsuak dira, baina 'zertarako' zehatz bat eduki behar du.

Ez genituzke egiteagatik egin behar. Izan ere, erakundearekin bat datorren zentzu edo mezurik ez badu, hobe da ez egitea. Gainera, gaur egun, kontuan hartu behar dira lantaldearen berezitasun guztiak, atzerrian bizi diren langileak, edo askotariko kokalekuak dituztenak (telelanaren ondorioz). Pertsona horiek guztiak koordinatu eta mugitzeak ekarri dezakeen ondorioa lortuko den emaitza baino latzagoa izan daiteke. Eraginkorra eta errentagarria al da hainbeste inbertitzea jarduera horiek antolatzen?

Egia da ekimen horiek zenbait onura ekar ditzaketela langileen artean konfiantzazko giroa eta giro ona sortzerako garaian. Horrelakoek talentua atxikitzen eta taldeen arteko harremanak hobetzen laguntzen dute, interakziorako ingurune informal bat sortzen baita, pertsonak maila pertsonalagoan ezagutzeko aukera ematen duena. Enplegatuen aintzatespena (estimazioa) eta motibazioa (pizgarria) lortzen ere laguntzen du. Era berean, lantaldeari egindako lana eskertzeko guneak dira, eta bertan frogatzen da langileak garrantzitsuak direla eta enpresa prest dagoela haien ongizatean inbertitzeko.

Horrelako jarduerek eskaintzen dituzten onurak interesgarriak dira, baina enpresa batzuek gehiegi erabiltzen dituztela uste dut, lan-ingurunea espazio nahasi bihurtuz, non oreka bat mantentzea zaila den.

Lehengo egunean, LinkedInen nabigatzen ari nintzela, inkesta bat aurkitu nuen, ondoko galderarekin: zer nahiago duzu, Gabonetako afaria izan edo enpresak 150 euroko opari-bonua ematea? Emaitzek harritu egin ninduten: % 85ek opari-txekea nahiago dute. Emaitza horren arrazoiak askotarikoak izan daitezke. Beharbada, erantzuna egungo testuinguru ekonomikoak baldintzatzen du, edo pandemiak eragindako ohitura-aldaketak.

Argi dago, dena den, afariak eta jarduera korporatiboak egiten jarraituko direla. Gure lan-giroa hobetzeko eta indartzeko tresna gisa ulertu behar ditugu, eta ez aisialdirako ekitaldi sozial gisa. Bestela, esan diezaietela azkeneko asteetan biral egin direnei enpresako afarian izandako jarreraren ondorioz kaleratu dituztelako. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK