Enpresen gardentasuna

Orain gutxi FTX kriptodiruaren mundu mailako iruzurra ezagutu genuen: 3.000 milioi dolarreko balorazioa ezerezean utzi zuen enpresaren buru zen Sam Bankman-Friedek, iruzurrezko kontabilitatearen ondorioz. Eta urrutira joan gabe, gurean ere badira gardentasun eta komunikazio ezarengatik sortu diren enpresa arteko liskarrak. Berriro boladan dagoen gaia da enpresen gardentasunarena, nola eta zer komunikatu behar den ezbaian jartzen dituen gertakariak, barne- eta kanpo-gardentasun maila mahaigaineratzen dituzten elkarrizketak.

Enpresaren mundua beti izan da nahiko opaku kanpo eta barruan gertatzen denarekin, enpresa handi zein txikietan. Beti egon izan da albokoarekiko errezelo indartsu bat, batez ere enpresako fundatzaile eta zuzendariek sortu dutena. Ezagutzen al duzu zuk lan egiten duzun enpresak 2022. urtean izango dituen irabazi edo galerak? Eta zergatik hartu den erabaki hau edo beste hura? Nekez partekatzen da fakturazioa eta negozioaren tartea, kontratatzen diren langileak, edo kaleratzen direnak, enpresaren egoera ekonomikoa, hartzen diren erabakiak… Eta ez naiz kanpoarekin partekatzeaz bakarrik ari, baizik eta lantaldean, langileei, bazkideei, hornitzaileei… kontatzen ez zaienaz ere.

Aitzitik, badago gaur egun sortzen ari den beste korronte bat, gardentasuna kultura enpresariala indartzeko erreminta gisa ulertzen duena. Sortzen ari diren enpresa berrietan gero eta barneratuago duten ohitura da helburuak, emaitzak eta gertakariak aldiro partekatzearena, eta modu erradikal batean, gainera. Produktuaren konposizioa bezeroekin partekatzetik hasi eta enpresaren emaitza ekonomikoak lau haizetara zabaltzeraino.

Gardentasunaz ari garenean,  gainontzeko lankideekin informazioa partekatzeaz ari gara, gure esku ditugun datu, gertakari eta erabakiak gainontzekoei kontatzeaz. Informazioaren sozializazioak erantzukizunaren banaketa dakar, kolektiboak norabide berdinean arraunean hasteko beharrezko elementua. Egun sortzen eta eraikitzen ari garen enpresen heldutze-prozesuaren zati garrantzitsua da gardentasuna. Gure lehen bezeroak, aurreko lana utzi eta gurera batu den langile berriak edota enpresa finantzatzeko aukeratu dugun bazkide berriak gauza bera duten amankomunean: enpresa edo pertsonekiko konfiantza. Langile trebeenek indarra hartzen ari diren enpresentzat eta konfiantzako liderrentzat lan egin nahi dute, eta komunikazio eta bilera orokor guztietan gardentasuna funtsezko osagaia da konfiantza hori sortu eta denboran mantentzeko.

Enpresetan gardentasuna indartu eta artikulatzeko hiru ezaugarri hartu behar ditugu kontuan: lerrokatzea, informazioa partekatuz lantaldea enpresaren helburu eta nahiekin lerrokatzen baitugu, norabide bakar batean jardun dezagun guztiok; erantzukizuna, gardenago izanez erantzukizuna handitu eta banatzen dugulako; eta sarbidea, aurreko biak eginez gero, informaziorako sarbidea errazten diogulako lantaldeari.

Eta ez dugu inongo superestrategiarik behar hiru irizpide horiekk aplikatzeko. Asteroko eguneratze batek taldea lerrokatzen du, barne-erantzukizuna handitzen du eta informaziora sarrera ematen die.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK