Entretenimendua ala denbora-pasa?

Iraila iritsi da, eta horrekin batera hemen nabil asteko hausnarketa idatzi nahian. Irailean gehiengoak lanera bueltatzen gara, umeak eskolara bueltatzen dira, errutinara bueltatzen gara eta horrekin batera milaka erronka eta helburu berriri ongietorria ematen diegu.

Iraila arinago egiteko bai telebistan, bai streamingeko plataformetan, estreinaldi berri asko izaten dira; denboraldi hasiera, alegia. Horrek esan nahi du iraileko helburuetako bat hurrengo hilabeteetako telesaila aukeratzea dela. Zoritxarrez, hasi aurretik, amore eman dut.

Azken urteetan milaka telesail berri atera diren arren, gehiengoak gidoi berarekin eginikoak dirudite. Okerrena: Mark Manson idazleak arrazoia duela esaten duenean entretenimendua adikzioarekin nahasten dugula. Zenbat aldiz ikusi duzu zure burua telebista aurrean, telesail bateko denboraldi oso bat arratsalde batean ikusirik, eta pentsatuz zergatik ari zaren ikusten, nola amaituko duen baldin badakizu?

Askotan aditu da Hollywoodek eta bere industriak ez dutela ideia berririk, baina denak berdin jarraitzen du, arrakasta duen telesailen spin-off txarrak ateratzen dituztelako, edo suspensean amaitzen diren programetako atalak. Hori behin eta berriz errepikatzeak arrazoi bat du: audientzia katigatuta mantentzea, eta, ondorioz, entretenimendua bermatu beharrean, adikzioa bermatzea. Zenbat eta audientzia gehiago eduki, orduan eta diru sarrera handiagoa izango da. Eta ikusleok, denbora pasa bermaturik dugunez, sinesten dugu nahikoa dugula horren kalitatea eta balioa kontuan eduki gabe.

Egia da fenomeno berdina sare sozialetan ere gertatzen dela, eta ohikoagoa dela errekonozitzea eta erremedioak ipintzea. Aldiz, entretenimenduaren beste zenbait arlotan, oraindik asko falta da eztabaidatzeko.

Argi dut aurten nire entretenimendua kalitatezkoa dela bermatzeko, streaming plataformen inguruko detox bat egingo dudala, eta ikusten dudanari balioa eman eta dosifikatu egingo dudala. Are gehiago, ahal bada nire inguruan eztabaida hau pizten jarraituko dut. Askotan, ohartzen ez garen arren, kontsumismoa eta modan dauden tendentziak ez dira osasungarriak guretzako, eta kontsumitzaileon eskutan dago negozio eredu horiek aldatzeko gaitasuna.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK