Entzun

Gaur, urriak 24, Nazio Batuen eguna da, gaurko egunez indarrean sartu baitzen 1945ean Nazio Batuen Gutuna, eta behin sinatzaileek ontzat emandakoan, erakundea bera sortu zen. Halaxe dio Gutunak bere atarikoan:

“Gu, Nazio Batuen herrialde garenok, xede dugu datozen belaunaldiak zaintzea bizitzan bi aldiz gizateriari sufrimendu esanezinak eragin dizkion gerraren eraginetik. Eta gure fedea berresten dugu dela gizakiaren oinarrizko eskubideetan, dela gizakiaren duintasun eta balioan, dela gizonen eta emakumeen arteko eskubide-berdintasunean”.

Testuinguruan ulertu behar da atariko horretan esaten dena, gerora gertatu den guztia ezagututa inozo samarra ematen du-eta. Mundua amildegiaren ertzeraino eraman zuten konflikto handiek argi erakutsi zuten beste estrategia bat behar zela ataka horretatik libratzeko, herriek elkar entzuteko toki bat, adostasunetik helburu komunen gainean lan egitekoa.

Asko hitz egin da balio horretaz, baina ez dugu elkar ulertzea lortu. Denbora honetan guztian makina bat aldiz bizi izan ditugu berriro sufrimendu esanezinak. Gauzak aldatu dira hobera makina bat esparrutan, baina funtsezkoak bere horretan dirau: gerrak boterea eskuratzeko eta desadostasunak ebazteko de factozko metodologiak dira, eta ez dugu asmatu besterik horiek ordezkatzeko. Porrot egin dugula aitortzea beste erremediorik ez dago, baina aldi berean, ez dago elkar entzuteko ahalegin horretan sakontzea beste biderik.

Agian, hastapenetara itzuli beharko lirateke munduko herriak, 1945. urtean elkarri esan geniona benetan entzun ote dugun egiaztatzeko.

Hilabete gutxiko umeak garenez geroztik, hitzak artikulatzen hasten gara. Hasiera hori, hasiera guztiak bezalaxe, traketsa izaten da, imitazio hutsez gertatzen baita. Soinuak silaba bilakatzen dira eta gero silaba horiek beste soinu berriekin kateatzen ditugu. Hitz egiten dugu, bai, baina esaten dugun horrek zentzua izan dezan, errepikapena ez da aski: besteen erreakzioa behar da, ezinbestean, bide zuzenetik ote goazen ikasteko. Norbaiten beharra dugu, bere eredu eta pazientziarekin, hitz egiten irakasteko.

Neure buruari galdetzen diot mundu hau ez ote litzatekeen leku bizigarriagoa izango, entzuten ikasiko bagenu hizketan ikasi baino lehen.

Edozer egiten duela, edonon agertzen dela, edozer esaten duela, beti —berriro diot: beti— atentzio handia jarriz entzuten dut Meryl Streep. Asturiasko Printzerriaren Sari nagusietako bat jaso berri du eta eskerroneko hitzaldian, bere ohiko hitz-jario geldo eta sakonaz, aktoreek munduan duten zereginaz jardun du. Amaierarako gorde du interpretazioaren urrezko araua: “garrantzitsuena entzutea da” esanez amaitu du. Eta isilik geratu da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK