Errotazioa, inkonformismoa ala ihesbidea?

Lehen ohikoena ibilbide profesionala enpresa berean hasi eta amaitzea zen. Baina errealitate hori aspaldi laga genuen albo batera. Are gehiago, azken urtean langileen errotazio joera hainbeste hasi da, non enpresentzako arazo handienetako bat bihurtu den. Talentua eta pertsonak enpresan atxikitzeko beharra erronka handia da. Randstad enplegu-atariaren arabera, Espainiako enpresetan azken urtean enplegatuen errotazioari buruzko batez bestekoa % 17koa izan da. Hau da, batez beste langile guztien % 17k bere borondatez lanpostua uztea erabaki du.

Zein dira zifra hori hain handia izateko arrazoiak, kontuan hartuta lan-erreformaren ondoren kontratazio finkoaren gorakada handia izan dela? Sektoreen eta komunitateen arteko desberdintasunak alde batera utzita, errotazioa areagotzeko arrazoietan jarri nahi nuke arreta. Azterlanak azaldu duenez, arrazoi nagusiak honakoak dira: lan-aukera berriak, sektorean etorkizunik ez ikustea, lan-baldintzak eta malgutasun handiagoaren beharrak, besteak beste.

Hain inkonformista bihurtu al gara, non lan batek ere ez baikaitu asebetetzen? Beti zerbait hobeagoa egongo delakoan, ahaztu egiten al zaigu daukagunaren alde ona ikusten? Zer bilatzen dugu lan-aldaketekin? Zer arrazoi dago lan-aukera berrien erantzunaren atzean?

Zalantza dut lan-aukera berrien bila joan direla diotenek benetan hori esan nahi ote duten edo atzean bestelako arrazoiak ezkutatzen dituen erantzunak. Erotazioaren arazoa aurrerantz ihes egitean datzala iruditzen zait, eskaintzen didaten aukera onartzen dudala, ezin baitut gehiago jasan lanean dudan egoera. Lan-eskaintza berria bere balioekin, helburuekin bat datorren baloratzeko denbora nahikoa eman gabe, telelana egiteko aukera duelako, ordutegi-malgutasun handiagoa duelako bakarrik, lan baldintza hobeagoak baina agian nire helburu profesionaletik urrutiago egonik alegia.

Uste dut aldaketa-une batean gaudela, non langileak eta enpresak ziurgabetasunari gardentasunez aurre egiteko, eta elkarrekin ikasteko eta hazteko, onartuz egin behar duten bidea. Errotazioa gutxitu egin genezake, guztiok argi izango bagenu zer eman dezakegun eta zer jaso nahi dugun.

Hala eta guztiz ere, langileen errotazioaren erronka osatzen duen arazoaren zati baten hausnarketa baino ez da. Asko dago egiteko, ikasteko eta definitzeko, eta, horregatik, azpimarratu nahi dudan gauza bakarra da zein garrantzitsua den guk langile moduan ditugun helburuak eta eskaintzen dugun balioa argi izatea, hori baita gure ibilbide profesionala definitzeko oinarria, iparra galdu gabe.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK