Eskubide digitalen karta

Azken urteetan bizi dugun digitalizazio prozesuak (herritarrari sarritan buruko min ugari ekarri diona administrazioarekin harremana izateko orduan) abiada hartuko du hasi berri dugun urtean, eta beraz, Espainiako Gobernuak Europako Covid osteko kalteak konpontzeko bideratutako funtsak martxan jarri duen Errekuperazio, Eraldatze eta Erresilentzia plana dela medio, (ez galdetu zergatik, baina azkenaldian mila tokitan tokitan ikusi dut aipamen hori) neurri handi batean, administrazioa eta enpresak digitalak baino ez dira izango 2025erako. Harreman eta tramite analogikoak baztertu, modu berria sarean zeuk-egizu eta telematikoki harremantzeko. 2025erako plan digitala abian da.

Harremantzeko, administrazio tramiteak egiteko, lan egiteko modu berriak araubide berriak dakartza berarekin. Hala ere, eskubide eta bermeei dagokienez, arauek funtsean oinarrizko eskubideetan daukate abiapuntua, ezin beste modu batera izan.

Horren erakusgarri da 2021ko uztailean argitaratu zen eskubide digitalen karta. Kartaren helburua da pertsonek mundu digitalean dauzkaten eskubideak bermatzea eta indartzea, eta aldi berean, oinarrizko marko bat eskaintzea erabiltzaileek digitalizazio prozesu berrietan dauzkaten eskubideak zain daitezen. Eskubideok giza eskubideen adierazpen unibertsalean aldarrikatuta eta Europako Konstituzio gehienetan jasota dauden oinarrizko eskubideetan dute jatorria. Eskubide digitalen helburua da beraz, oinarrizko eskubideak inguru digitalean ere bermatu daitezela.

Errepara diezaiegun lan eta enpresa esparruan aplikatzeko adierazten diren eskubideei. Lehenik langileen eskubideak daude zerrendatuta: deskonexio digitalerako eskubidea, gailu digitaletan intimitatea babesteko eskubidea, intimitatea babesteko eskubidea baita ere geolokalizazio sistemetan, eta telelanerako eskubidea.

Eraldaketa digitaletako prozesuetako eskubideak datoz ondoren: formazio egokia jasotzeko eskubidea eta lan ordezkariei aldaketa teknologikoen berri emateko obligazioa. Baita ere algoritmoei ematen zaizkien datuak eta ebaluaketaren berri emateko obligazioa.

Langileen eskubideen ondoren, atentzioa ematen duen beste atal bat dator: enpresen eskubideak inguru digitalean. Zergatik deigarri? Oinarrizko eskubideen subjektuak pertsona fisikoak direlako, ez pertsona juridikoak. Baina, hala ere, eskubide digitalen kartan, ziur aski enpresen jokaera digitalak hain daukalako eragin handia langile eta bezeroengan, enpresa ere eskubide-subjektutzat hartzen dela, eta ondorioz, enpresak inguru digitalean dauzkan eskubideen zerrenda egiten da: bat, merkatu ekonomiaren markoan inguru digitalean askatasuna izateko eskubidea. Bi, botere publikoek enpresen eraldaketa digitala bideratzeko ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza bultzatu beharko dute. Hiru, baldintzak garatuko dira negozio eredu berriak, aplikazioak eta teknologietan oinarritutako prozesuak eta produktuak gara daitezen froga-gune kontrolatuak.

Aipatutako azken enpresa eskubideak, nabaria denez, adimen artifizialetik garatutako produktu eta teknologiari egiten dio aipua. Eskubide-betebehar binomino klasikoa.

Ez da igarlea izan behar aurreikusteko hasi berri dugun urtea, digitalizazio eta adimen artifizialari jarri beharreko arau eta espazio berrien urtea izango dela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK