“Eskudirua onartzen dugu”

"Ez dugu onartzen eskudirutako ordainketarik". Hala zioten saltoki eta ostalaritza lokal askoren beirazko ateek orain gutxi arte. COVID-19 garaian iritsi zen neurria kontakturik gabeko ordainketa sustatzeko asmoz: espazio publikoan giza-interakzioak, eta hornitzailearen eta kontsumitzailearen arteko trukea erosotasun eta garbitasun osoz esperimentatzeko promesa. Hala ere, kontaktuaren arriskuak ezabatzeaz gain, eskudirurik gabeko komertzio hauek beste oztopo batzuk sortu dituzte eta gizarte-ezberdintasun handiagoak sortu.

Transakzio erreminta berriek —diruzorro digitalak, mugikor bidezko ordainketak, esaterako— pertsonen autonomia areagotu dezakete erabakiak hartzeko orduan, eta baita krisi baten aurrean behar izaten den malgutasun eta erresilientzia eskaini ere. Teknologia horiek epe luzera eraiki eta planifikatzeko gaitasuna eskaintzen digute, jakina, baina bada kontrakoa ere eragin dezakeenik: tresna digitalen bertsio maltzurrak komunitate eta gizabanako asko utz ditzake munduarekin harremantzeko gaitasunik gabe, arrakala digitala areagotuz. Azken finean, eskudirua da orain arte asmatu dugun banakako eta kolektiboen autonomia areagotzeko tresna erabiliena, eta erreplikatzen zailak diren aukera asko eskaintzen ditu: monetak ez du beste pertsona baten sinadura behar gastatu ahal izateko, ez du zehazten non gastatu daitekeen, ezta zertan ere. Anonimoa da, inork ez baitu jakin behar nor garen berau gastatzeko. Ez du hirugarrenentzako transakzioari buruzko daturik sortzen. Komisiorik gabeko transakzioak egiten ditu ordaintzailearentzat edo onuradunarentzat. Ez dago hardware edo software azpiegitura ahul askoren mende, saltokian jarduteko. Eta horrela jarrai genezake, abantaila askoren zerrenda luze bat osatu arte.

Zorionez, inguruan ez dut eskudirua zentsuratu duen komertziorik ezagutzen, pandemia ostean, beirazko ateetatik kartelok kendu eta bere onera bueltatu baita egoera. Arrandegian, harategian, mertzerian, txosnetan, autobusean… ez dago inongo arazorik eskudirutan ordaintzeko, baina dagoeneko bada eskudirua ateratzen ez duen kolektiborik: belaunaldi berriena, esaterako. Dena txartelarekin edo mugikorreko walletarekin ordaintzera ohitu dira asko, erosoa eta garbiagoa delako. Bejondeigula! Dena den, oso presente izan behar dugu transakzioak eskudirutan egiteak dituen onurak, behar dugunean edota nahi dugunean erabili dezakegun errekurtso bezala ulertzeko eta berau ez galtzeko borrokatzeko.

Etorkizun zale batzuk iada hasi dira eskudiruaren amaieraz hitz egiten. Eskukada bat urte barru eskudiruaz hitz egitea ia gustu txartzat hartuko dela diote, eta hala izango da ziurrenik. Litekeena da etorkizunean eskudiru gutxi izatea, baina izaten jarraituko du. Oraindik ez dakigu nolakoak izango diren etorkizuneko ordainbide berriak, ezta haien transakzio-formak ere. Baina lan egin dezagun dirua erabat pribatizatu ez dadin, kriptodiruarekin gertatu den bezala. Une honetan, ia gure komunikazio-bide guztiak (transakzio bidezkoa edo bestelakoa) enpresa monopolistiko gutxiren bidez bideratzen dira mundu osoan, eta plataforma hauek komisio, datu edota publizitatean oinarritzen dute beraien negozio-eredua. Pribatua eta publikoaren arteko oreka bilatu behar dugu, baita diruan ere. “Eskudirua onartzen dugu” kartelak laster kristaletan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK