Euskara: urrutira begira

Euskararen erabilerari buruzko kale-neurketako emaitzak ezagutzera eman orduko, alarmak piztu dira, eta ez da harritzekoa. Bere horretan eutsi dio euskarak kaleko presentziari, ez gora, ez behera, azken urteetan. Horixe izan da goiburu nagusia: 1989tik egiten dira era horretako neurketak eta azken emaitzen arabera, ezer gutxi aldatu da 2016tik 2021era: zortzi lagunetik batek hitz egiten du euskaraz batez beste. Datu esanguratsu gehiago ere badakar ikerketak. Adibidez, diferentzia handiarekin Gipuzkoa da erabilera handiena duena, betiere hamarretik hiru izatea handia iruditzen bazaigu. Eremu euskaldunetan erabilerak zertxobait behera egin duen bitartean, orain arte euskararik batere entzun ez den zenbait herritan lehen aldiz euskara aditu dute neurketa egin dutenek. Deigarria ere bada beste honako hau: emakumeen artean usuagoa da euskara entzutea gizonen artean baino, eta datuak hobetu dituzten kolektiboen artean, gazteak nabarmentzen dira.

Gazi-gozoa da datuen zurrupada eta nik bigarrenari eutsi nahi nioke, aurrera begira jarrita ikusten baita ondoen eginkizun dagoena. Euskara “gaztetu” egin da, adin-tarte gazteenetan entzun dute gehien kaleko neurketan, eta hizkuntza gutxituetan alderantzizkoa da ohikoa, hots, adinekoek soilik edo ia soilik hitz egitea hizkuntz horretan.

Lan-kontuak direla medio, zientzia-maila bikaina duen ikerketa-zentro bateko kideekin maiz hitz egitea tokatzen zait. Bertako ikerlarien erdia baino gehiago atzerritarrak dira, ia denak gazteak, eta euskaraz lan egiten dute. Hizkuntza-kudeaketa nola egiten den argituz hasten dira lan-saioak, batzuetan aldibereko itzulpenarekin, eta askotan “xuxurlariak” erabiliz: lankide euskaldunak belarrira itzultzen dio bere hizkuntzara euskaraz ez dakienari eta alderantziz hark hitza hartzen duenean. Sistema hori ez dela eraginkorra esan zuen aurrekoan ikerlari batek, eta ondokoak hauxe erantzun zion: “segun eta zer lortu nahi duzun: bileraren erritmoa bizkortzea edo elkarrekin erabaki eta adostu dugunari eustea”.

Denok, eta bereziki ezagutzaren unibertsalizaziora iristen ari den belaunaldiak, pauso sendoak egin ditugu, eta egiten jarraitu behar dugu erabileran, baina bereziki, erabiltzeko egiturazko aukerak sortu behar ditugu. Lanaren munduari heldu behar diogu, orain artekoak baino kemen, irudimen eta baliabide gehiagorekin, apika, eta bereziki, oinarrizko eta egiturazko aldaketak bultzatuz. Zaila ematen du, baina gauza zailagoak egin ditugu. Askoz zailagoak. Euskara ikasi dugunok badakigu hori. Euskara lehendik zekartenek eta bere burua eguneratu behar izan dutenek badakite. Euskara behiekin, txakurrekin edo umeekin hitz egiteko mintzaira pobrea zela uste zutenek badakite, edo erakutsi diegu. Gauza zailak egin ditugu orain baino lehen.

Euskaldunok asko pentsatzen dugu euskararen etorkizunaz, inguratzen gaituzten beste hizkuntz-komunitateko kideen bataz bestekotik oso gora, nik uste. Gu, euskal jendea, hiztunak eta hizkuntzalariak gara (edo soziolinguistak, edo euskaltzain-kume frustratuak). Guk euskara darabilgu, eta euskarak gu mugitzen gaitu. Txoriak gara eta, aldi berean, ornitologoak, Arantxa Urretabizkaiak esan zuen moduan.

Nolako saskia egin nahi dugu zume horiek hartuta? Non irudikatzen dugu gure burua 20-30 urtera? Urrutira begiratu behar dugu, amets berria ekoizteko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK