Fagor etxetresnak 10 urte: bazkide kaltetuen auzibidea

Azaroaren 13an hamar urte beteko dira Mondragon Talde (MT) ezaguneko kooperatiben munduan sekula ikusi barikoa gertatu zenetik: Fagor Electrodomésticos Sociedad Cooperativa enpresak, etxetresna elektrikoak egiten zituen Debagoieneko kooperatibak, hartzekodunen konkurtso eskaera aurkeztu zuen Donostiako Merkatal Epaitegian. Egun batetik bestera kooperatibek ematen zuten betiko ziurtasunaren irudia hondoratzearekin bat, amildu egin ziren langileen konfiantza eta dirua. Bazkideek kooperatibetako ekarpenak galdu egin zituzten, eta konkurtso prozesuan aurrera, jabetu ziren betiko segurutzat ematen zituzten ekarpenen diruen ziurtasun bakarra betiko galera zela. Horrek ekarri zuen 2015eko azaroan Bergarako Lehen Auzialdiko Epaitegian 959 lagunek, Fagor eta Edesako langile bazkide eta langile bazkide erretiratuek, MTren aurka demanda bat jarri izana, 47.829.230,95 euro erreklamatuz. Demandak diru asko eta kobratzeko itxaropen guztia galdu dutenei aitortzen zaien ausardiak bultzatuta zegoen.

Ausarta baitzen, ene iritziz, demandak zerabilen argumentazioa. Esan behar da, baina, aurrerapen juridiko ez gutxi ausardiazko argumentuetan oinarrituta hasten direla.

Ehun eta hirurogeitazortzi orritan jasotako demanda judiziala esaldi bitan laburtzerik badago, honako hau litzateke bazkide izandakoen argudio lerroa: MTk informazioa faltsua emateagatik, langile bazkide eta bazkide erretiratuei konfiantza sorrarazi zien beraien ekarpenak kooperatiban mantendu zitzaten, eta gero aurkeztu zen konkurtso eskaerarekin konfiantza hori zapuztuta geratu zen. Ondorioz, kontratuz kanpoko erantzukizuneko akzio judiziala erabiliz, MTk nahikoa arduraz jokatu ez zuela argudiatuz, eragindako kaltea ordaintzeko eskatzen zuten demandagileek. Kontratuz kanpokoa, zeren langileak Fagor eta Edesako bazkideak ziren, ez MTkoak. Erantzukizuna MTri zegokiolako, zioten, erabaki guztiak hartzea. Akzio judiziala, horren ondorioz beraien ekarpenak galdu zituztelako.

Auzi prozesu luze baten ondoren, 2018ko uztailaren bukaeran, Bergarako epaileak bazkideek defendatuko demanda ezetsi zuen erabat, eta ondorioz, MTren aldeko epaia eman zuen. Gipuzkoako Lurralde Auzitegian apelazio errekurtsoa jarrita, 2019ko uztailean kaleratutako epai berriak berriz ere bazkideen tesiak ezetsi eta kooperatiba taldearen alde egin zuen. Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio helegitea jarrita, tramitera onartu zen 2022ko ekainean, eta gaur egun auzia epai zain dago.

Bai Bergarako lehen auzialdiko epaiak, bai Gipuzkoako Lurralde Auzitegikoak preskripzioan oinarritu zituzten beraien epaiak, eta beraz ez ziren sartu auzian ebazteko finkatu ziren gai guztiak erabakitzera. Preskripzioa baitetsi zuten demanda epez kanpo jarrita zegoela arrazoituz, kontratuz kanpoko erantzukizuna akzioari dagokion urte beteko epetik kanpora. Eta hortaz, argitzeke geratu ziren prozesuan finkatu ziren gainerako egitate eztabaidagarriak: auzi-jartzaileek zein perfil zuten, engainurik egon ote zen, MTk bere adierazpenetan engainurik sortu ote zuen, konkurtso deklarazioa nahita luzatu ote zuen, kaltetutakoek kooperatiben egoeraren berri zeukaten ala ez, kaltetutako guztiek oker hori sufritu zuten ala ez, ekarpenak exijitu ahal ziren 2011 eta 2013 artean, eta kooperatibek gaitasunik ote zeukaten ekarpenak bueltatzeko.

Bazkide auzi-jartzaile batzuk hilda, beste asko helegitetik beren burua bazertuta, behin-betiko epaia emateke dago oraindik. Ezustekoa litzateke, baina, azken epaiak gauzak bere horretatik gehiegi ateratzea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK