Gabon eskean

Antropologoek esango dute noiztik, guri berdin digu: badakigu gabon eskea tradizioa dela gurean aspalditik eta gaur egun ere urtero egiten dugula. Olentzeroren ondoan, orain Mari Domingirenean baita ere, eztarri urratu zein sano, abesbatza enpastatu zein desafinatu, gabon kantak kantatzeari ekiten diogu kalez kale zintzurra lehertu beharrean. Eta kantatzearekin batera, dirua eskatzen dugu. Mila helburu dauzka gehienetan baina diruaren hartzailea premia daukan sektore edo talde bat izaten da. Zein herritan ez da batu dirua zaharren egoitzaren alde, presoen alde, ikastolen eta eskolen alde, gizarteko hainbat talderen alde. Diru-batze eta diru transmisio bat, esan dezagun bidenabar, Haziendaren begietatik pasatzen ez dena; bakarra, ziur asko, zergapetuta ez dagoena. Gabonetako izpiritua, bihotza samur, poltsikoa bero, inguruabar egokia da sosa batzuk jasotzeko. Gabon sasoitik kanpo ere milaka auzolaneko dirubatze egin dira kasu anitz askoren alde, gehi txosnak, errifak, zozketak, jaiak. Herritar talde bat, elkarte bat, antolatu, xedea ipini eta herrikideen artean dirua batu. Auzolanean dirua batzen apartak gara euskal herritarrak.

Gabon eskearen bi dirubatze ikusi genituen joan zen astean: bata Usurbilen, diru jartze herrikoi bat. Mailegua ordaindu baino lehenago hil zen semea abalatu zuen emakume nagusi bat bere etxetik bota behar zuten, etxea enkantera atera behar zutelako. Mailegua eman zuen enpresak semearen zorra epaitegian exekutatu ondoren, andrea etxegabetzeari ekin behar zion epaitegiak. Zorionez, herritar anonimo batek dirua jarri, etxea erosi eta andreari biziarteko usufruktua utzi dio, bertan bizi dadin. Txapo herritar anonimoa.

Bigarren dirubatzea telebistan ikusi genuen, maratoi solidario batean dirua biltzeko ekimen erraldoia. Hemen ere herritarren elkartasuna eskuzabala izan zen, eta diru kopuru polita bildu zen esklerosi anizkoitzaren inguruan ikerketa egiteko.

Kontua da diru eske horiek guztiak berdin legitimatuta dauden ala ez, izaera berari erantzuten dioten ala ez. Ezezkoan nago. Esango nuke, gabon eskean edo errifetan, txosnetan edo bestelako jaietako diru-batzearen ekimena gizartetik antolatutako elkarte edo talde batetik datorrela, erakundez kanpoko egitura batetik. Eta talde, elkarte edo eragile horien borondate eta arauekin bat egiten dela, erakunde edo bestelako lege-eragilek parte hartu gabe.

Usurbilgoan ostera, herritar anonimoak dirua ipini behar izan du aurretik legeak huts egin duelako. Lehenik, interes usurario bat ez galerazten. Bigarrenik, emakume horri nahikoa informazio ez ematen oinordekotzari uko egiteko aukeraz. Legearen eta erakundeen porrotak sortu du herritar anonimoak dirua jartzeko premia. Alegia, hobeto antolatutako gizarte demokratiko batean sortu behar ez litzateken arazoari erantzun behar izan dio diru-batze herrikoiak.

Gauza antzerakoa gertatzen da administrazioko erakunde batek bultzatutako dirubilketa maratonianorekin. Agintetik, hau da, sosak banatzeko boterea daukan administrazio beretik, sustatzen da herritarren eskuzabaltasuna, kausa oso laudagarri baten alde, baina norbanakoaren elkartasunaren menpe egon behar ez lukena. Hor ere, akats bat gertatzen da sisteman, diru publikoarekin ordaintzen ez dena diru-batze herrikoiarekin finantziatu nahi da. Diru-batzeak ondo baitaude Olentzerorekin batera inprobisatutako abesbatzetan zintzurra urratzeko, baina diru-premiak gizarte politikekin eta legeekin konpondu behar dira. Kontrakoa gizartea Frank Capraren eskuetan uztea da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK