Gure kontsumo ohiturak, komertzio txikien galera?

Euskadi Bono Denda Eusko Jaurlaritzak bultzatutako bonu-programa berriro dago martxan. Atxikitu diren herrietako komertzio txikietan erosketa egiteko aukera paregabea, establezimendu horietan egindako 30 euroko erosketa bakoitzeko 10 euroko deskontua eskaintzen baitu.

Herrietako komertzio txikiak sustatzeko iniziatiba ona iruditu arren, komertzio txikietan eragiten duen onura momentukoa da. Bonua erabiltzen duten bezero kopuru txiki bat izango baita fidelizatzera iritsiko dena.

Ahoa betetzen zaigu komertzio txikien alde egin behar dugula esatean, km0 erosketak sustatzean… nahiz eta kontsumitzaileen beharrak nekez egokitzen diren komertzio txikiek eskaini ditzaketen baldintzetara.

Espainiako gobernuak kontsumitzaileen ohituren inguruan eginiko ikerketa batean, aukeraketa irizpide nagusi bezala hiru agertzen dira. Lehenengoa, prezio egokia eta lehiakorra, eta eskaintzak. Are gehiago gaur egun dugun inflazioa kontutan edukitan, bezeroak pagotxaren bila dabil.

Bigarrena, produktu onak, kalitatezkoak. Kalitatea bermatzen diguten markak edo tokietan erosten dugu, baina geroz eta joera handiagoa dago gutxi edo momentu baterako diren produktuetan prezioa lehenestea kalitatea baino. Zenbat aldiz entzun edo esango zenuen: ez du axola puskatzen bada, bi pezeta balio ditu eta!

Hirugarrena, erosteko irisgarritasuna. Askotariko erosketak egin behar direnean, merkatal gune edo hipermerkatu batek erraztasuna eta azkartasuna eskaintzen ditu, eta onlineko formatuak behar den guztian etxeko ateraino ekartzen du.

Bonu programa zeinentzako da onuragarriagoa? Orokortasunetik begiratzen badugu bi alderdientzat, baina sakontasunez aztertuz gero argi dago onuradun nagusia bezeroa dela. Komertzio txikietan denboraldi batez eta bonuak agortu arte beren salmenta kopurua handituko dute, zorte handiarekin bezero gutxi batzuk fidelizatuko dituzte eta, hortik aurrera, zer? Euskadi Bono Denda bezalako iniziatiben alde nagoen arren, uste dut batzuetan kalterako izan daitezkeela. Horregatik, astuna izateko beldurrik gabe, mila aldiz errepikatuko dut: irtenbidea gure kontsumo-kultura aldatzean eta tokiko merkataritzaren balioa ikustea da. Tokiko merkataritzak ematen dio eta bizia herri bati. Hala ere, saltokiak egokitzeko beharra ere ez dugu alde batera utzi behar, horietako asko horretan ari diren arren, trantsizio honetan lagundu behar diegulako.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK