Gutun-azala

Bederatzi urterekin, amesten nuen opariaren ordez, gutun-azal bat topatu nuen zuhaitzaren azpian. Orduantxe jakin nuen atzera bueltarik ez zuela denborak, ni ohartu gabe ere, beste kategoria baten nengoela, eta handik aurrerakoa desberdina izango zela ezinbestean, aurrekoa ez baitzen sekula atzera itzuliko. Paper koloretsuez bildutako opariak niretzat bukatu ziren goiz hartan, eta helduen mailara iritsi nintzen, bat-batean. Artean gurera ez zen Olentzero etortzen, eta ez dakit Errege Magoetako zeien burutazioa izan zen, baina gauzak orduantxe aldatzen hasi ziren; ez onerako, gainera. Banekien zer zetorkidan, ahizpa zaharren atzetik joatearen abantaila edo. Zuhaitzaren azpian aurkitu nuen gutun-azal horretan amesten nuen oparia erosteko adina diru bazegoela lasaitu ninduen amak. Diruarekin zer egin ez nekiela begiratu nuen gutun-azala, eta begiratu nion amari, apur bat harrituta, haren eskuko idazkeraren antz handi-handikoa baitzen nire izena idatzi zuen aztiarena.

Oso txikiak garenetik, bizitzak nola funtzionatuko duen ikasten hasten gara, ustez, planifikatu gabeko prozesu baten bidez. Kontua da, baina, susmagarria ere badela aldez aurretik diseinatu gabe egonik ere, nola zeharo orokortuta dagoen prozesu hori. Ikaspen argia izan zen: dirua eta ametsak gauza bat eta bera dira. Galdera guztien erantzuna, bada, gutun-azal baten barruan kabitzen dira.

Maiz kontrakoa uste izaten dugun arren, bizitzako ikasketarik garrantzitsuenak ez dira eskolan —soilik— jasotzen, egunen joan-etorrien segida txikian baizik. Ekonomiaren oinarri-oinarrizkoak, esate baterako, goiz batean ikasten dira, zure burua desio eta ilusioen mundu ukiezinetik kanporatuta ikusten duzu egun horretan, ordura artekotik besterenduta, kale gorrian. Mundu berri bat irekitzen zaizu orduan, zeinean ametsak eta desirak diruarekin erosi egiten diren.

Aldeak alde, gure enpresetan hartzen diren erabaki askoren premisa edo abiaburua txikitatik ikasi eta hezurretaraino barneratu dugun sasiko egia horrekin lotuta dago. Zenbat eta baliabide gehiago hobe? Ez beti, edo ez ilusio, amets edo bisioaren kaltetan bada. Osasun ekonomikoa nahitaezkoa da proiektu bat aurrera eramateko, baina helburu bilakatzen denean, eskuartean darabilzuna ez da jada enpresa-proiektua, negozio-asmoa baizik, horrek esan nahi duen guztiarekin.

Diruak ez ditu ametsak ekoizten, diruak ez du arrakasta ziurtatzen. Beste zerbait behar da edo beste gauza askoz gehiago behar dira, adibidez, bisioa, amets egiten jarraitzeko, adimena, bidean asmatzeko, edo bidaide egokiak aurkitzeko ausardi eta egonarria.

Baliabide ekonomikoak, garrantzitsuak edo ezinbestekoak izanik ere, ez dira erantzun absolutua, ez dira eginkizun duzuna, edo egiten amets egiten duzuna, burura eramateko bide bakarra. Txikitatik kontrakoa ikasi badugu ere, desikastea dagokigu gutako guztoi eta bakoitzari. Olentzerorengadik hasita.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK