Hezkuntzaren digitalizazioaz

Berritzeguneak EAEko HH, LH eta BHko ikastetxeetako irakasleak konpetentzia digitalean formatzeko eta ikaskuntza diseinu unibertsalean sentsibilizazio prozesu batean murgildu ditu. Gertutik ezagutu ahal izan dut egun ikastetxe zentroen eta, batez ere, irakasleen digitalizaziorako formakutza jaso duten irakasleen lana, eta oso interesgarria iruditu zaidan arren, hezkuntza sistema egungo teknologiengandik oso urrun dagoela ohartu naiz.

Hezkuntzara bideratutako teknologia orain gutxi hasi bada ere, edtech sektorea gora eta gora ari da azken urteotan. Azken lau urteotan, Espainiar estatu mailako zenbait edtech nabarmen handitu dira merkatuan, eta gure ikastetxeetan entzuten hasiak dira. Besteak beste, Genially, Odilo, Lingokids edota Innovamat. Baina zergatik da hezkuntzan teknologia txertatzen zaila?

Gehienbat fragmentazioarengatik. Teknologia bat saretzea ez da erraza hezkuntzaren sektorean. Hezkuntza zentroak oso zatikatuak daude Europa osoan, autonomia erkidegoen arteko aldeak edo berezitasunak daude, eta berrikuntzarekiko erresistentzia handia dago. “Orain arte ondo aritu bagara, zertarako aldatuko baitugu?”. Azkenik, horri guztiari argitaletxe handien produktu digitalak gehitu behar zaizkie, horiek ere tartaren zati bat nahi eta eskaintza zabala egiten baitute.

Gainera, dagoeneko ahaztua dugun COVID-19ak eragindako pandemiaren krisiak agerian utzi du sektoreko teknologiak ondo prestatuta daudela hezkuntzaren egungo erronkei erantzuteko: ikasleen motibazioa, metodologia berriak garatzea gamifikazioa erabiliz, adimen artifiziala, eskolaz kanpoko ekintzen digitalizazioa, aplikazio berriak… Denetatik garatu da urte hauetan ikastetxe, irakasle eta ikasleek beharretarako. Hezkuntzara bideratutako teknologia inoiz baino biziago dago, inoiz baino inbertsio eta apustu gehiago egiten ari dira merkatua, administrazio publikoa, eta baita erabiltzaileak ere. Baliatu dezagun egoera benetako eraldaketa gerta dadin, eta digitalizazioari konnotazio edo esanahi negatiboa burutik kentzeko.

Esperimentatzeko gogoz dabilenak ere badu aukera ona. Metabertsoa modan dago, besteak beste, hezkuntza-munduari eskaintzen dizkion aukerengatik: munduko edozein lekutatik beste pertsona batzuekin konektatzea eta lankidetzan aritzea, bizitza errealeko eszenatokiak imitatzen dituzten esperientziekin ikastea edo ikasle bakoitzaren berariazko beharretara egokitzea. Hori dena eta gehiago egiteko aukera ematen du metabertsoak.

Metabertsoak gaur egun ezagutzen dugun hezkuntza iraultzeko ahalmena du. Izan ere, etorkizunean maila globaleko kalitatezko hezkuntza demokratizatzen lagun dezake, edozein pertsonari edozein jakintza-arlo ikasteko aukera emanez. Ikasgela konbentzional batek edo online klaseek eskaini ditzaketen aukerak maximizatzen ditu teknologia horrek. Bizitza errealeko lekuak edo espazioa imitatzen dituzten murgiltze-esperientzietan parte hartzeko aukera ematen du: esaterako, Frantziako Iraultza bertatik bertara bizi ahal izango dute ikasleek etorkizunean? Eta geografia ikasten ari garenean, herrialdez herrialde bidaiatu?

Hezkuntzan ere, beste sektore publiko batzuek bezalaxe, denbora beharko da teknologia hezitzaileen eta ikasleen DNAn kokatzeko, eta ikasgela ematen diren prozesu pedagogikoei beste bulkada bat emateko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK