Isildutako emakume langileak

Amaren aldeko amona, Carmen Torrecilla Rioja, emagin, prakagin, arrain-saltzaile eta gaztaina-saltzaile lanetan ibili zen. Aitaren aldekoa, Maria Azpiazu Iriondo, orain lan istriputzat izango genukeen ezbeharrez hil zen: kotxe batek harrapatu zuen merkatutik etxera bueltan, saltzeko eramaten zituen baserriko produktuak zeramatzan orgari bultzaka zoala. Emakume biak XX. mendearen hasieran jaiotakoak ziren. Familia eta seme-alaben zaintzarekin ahal zuten moduan bateratzen zuten lan-jardunean, ez bata ez bestea ez dira agertuko langileen arteko izenetan, eta, hala ere, lana baino egin ez zuten egin. Beraiek moduko hain beste emakume langileen bizitza ezkutatu egin da, sekula ez dira langiltzat hartu. Historia ofizialak erakutsi digu XX mendearen bigarren zatiaren bukaeran hasi zela emakumea lan-merkatura sartzen. Ez da egia.

Frankismo garaian nagusitu zen eta gerora ere transmititu den genero- diskurtso nagusia gezurtatzen duen andre langileen historia kontatzen du Jon Abril Olaetxeak “Isildutako eskuak. Emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian” liburu ederrean. Emakumeek lan egin dute etxetik kanpo, batzuetan lan aitortua, gehienetan ez. Liburuak hamahiru emakumeren lan-bizitza jasotzen du, protagonistei zuzenean egindako elkarrizketen bitartez, eta erakusten du gure txikitako hezkuntzan isildu ziguten gertakari garrantzitsua: emakumeek lanbide desberdinetan izan duten parte hartzea. Izan ziren neskame, ikastolako andereño, espartingile, unai, paper-fabrikako, kontserba-fabrikako, kremailera-lantegiko edo ehun-lantegiko behargin, Tabakalerako langile eta arrantzale eta arrain-saltzaile, liburuan agertzen diren andreak bezala. Edo izan zituzten beste lanbide batzuk, gure amona biek bezala. Baina ez ziren hedabideetan atera, ez ziren historiako liburuetan edo langile-mugimenduen historian agertu. Gizonen aldean eskubideetan eskas, sistemak irentsi egin zituen eta ez ziren kontutan hartu ondorengo belaunaldien lan-erreferente moduan.

Emakumea eta lan aitortua banaezinezko binomioa izan behar duen horretan, aste honetan bertan argitaratu du Genero-Berdintasuneko Europako Institutuak urteroko Europar Batasuneko genero-berdintasunaren indizeak. Genero-berdintasunaren indizeak beherazko joera du 2010etik gaur arte, enpleguan dauden genero-desberdintasun tasak, beste faktore batzurekin batera handitu egin delako. Egoera ekonomikoan dauden genero-arrakalak ez dira pandemian zehar hobetu. Aurtengo txostenak erakusten du generoaren araberako aldeak, enpleguari, diru-sarreri eta hezkuntza mailari dagokienez zabaldu egin direla.

Isildutako esku gehiegi oraindik ere lan-merkatuan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK