Kale gorrian

Urriaren 26tik 27rako gauean izan zen hitzordua, Bilbon, baina Euskal Herriko beste 22 udalerritan ere izan ahal zen. Kale gorrian aurkitzen diren pertsonen zenbaketak maiz antolatzen ditu Bizitegi elkarteak eta bi urterik behin EAEn bizitegi-bazterketa larriko egoerak ikertzeko, jarraitzeko eta analizatzeko erakundeen arteko lankidetza-protokoloaren esparruan egiten da. Helburu nagusia gizarte-bazterketa larriaren fenomenoa ikertzeko, hausnartzeko eta analizatzeko informazioa biltzea da.

Lagun batek proposatuta lagundu nuen zenbaketan. Bilbon, guztira, 157 lagunek hartu genuen parte, % 70 emakumeak (zaintza lanak emakumezkoekin lotzen dituen gizarte baten isla).  Bikoteka aritu ginen, planoan markatutako eremuan kalean lo egiten duten lagunen bila, haiekin hitz egin eta euren egoeraz galdetzeko. Kalera atera aurretik emandako hitzaldian Bizitegiko kideek argi azaldu ziguten kalean bizi direnengana begirunez hurbiltzearen garrantzia eta hala egiten saiatu ginen. Aurkitu genituen batzuekin solasteko aukera izan genuen baina beste batzuk, ordea, lo ziren. Inkestarako galderek lagun hauen bizipenak ezagutzeko aukera ziguten. Juanen (gezurrezko izena ) kasuan, beste askotan bezala, egoera familiar mingarri batek bultzatu zuen kalera. Beste kasu batzuetan, ordea, negozio baten porrota edo langabezia da jatorria. Juanen egoera okertu eta, patrikan diru gutxi zuela, Bilbora etorri zen, lan bila. Gezurra bilakatu zen lan eskaintza batek ekarri zuen Juan. Dirua aurrezteko kalea hartu zuen ohe eta, lo zegoela, gainean zuen diru apurra lapurtu zioten. Ez da ezagutu genuen kasu bakarra, kalearen zailtasunaren adibide. Bizitegiren zenbaketaren emaitzek argi erakusten dute gorantz doala kale gorrian lo egiten dutenen kopurua. Azken hamarkadan Bilbon % 70 handitu da eta Gasteizen % 41. Hazkunderik handiena Donostian eman da, % 333. Hemengo emaitzak ez dira, inondik inora, salbuespena. Europako Batasunean kalean bizi direnen kopuruak % 70 egin du gora azken hamarkadan eta Espainian % 25, bertako estatistika institutuak berriki aurkeztu duen txostenak bildu bezala. Kalean bizi direnen lagunen profila ezagutzeko tresna baliotsua da txosten hau. Hala, % 29 beste herrialde batetik etorri eta hutsetik hasteko beharrak bultzatu zuen kalera. Bestalde, % 27k lana galduta bukatu zuen kalean. Etxebizitzarekin lotutako arrazoiak ere nabariak dira. % 16k kaleratze baten ondorioz bukatu zuen kalean eta % 15ek alokairua ezin ordainduta. Gauzak horrela, pentsatzekoa da inflazioaren eta euriborraren gorakadek zaurgarritasun egoeran dauden lagunen kopurua ugalduko dutela, kale gorrian bukatzeko arriskua handituz. Pobreziaren bilakaerari begiratzea baino ez dago krisi garaiek uzten duten uztari buruz jabetzeko. 2008Ko krisiak pobrezia % 35 eta % 60 zabaldu zuen EAE zein Nafarroan eta Covid19ko krisiak ere ondorio latzak izan zituen zaurgarrienen artean.

EAE eta Nafarroa dira 100.000 biztanleko kalean bizi diren lagunen kopuru altuena duten erkidegoak. Litekeena da gurean pertsonen duintasuna bermatzeko hartutako politikekin lotuta egotea. Izan ere, zergak hizpide ditugun garai honetan zinez garrantzitsua da politikei izen-abizenak jartzea. Kalean ezagutu nituen Juan edo Emmanuelle dira, besteak beste, diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) jasotzeko zain dauden pertsonetako bi eta itxaropentsu daude haien bizitza hobetzen lagunduko dielakoan. Asko dira, halere, lana baino ez dutenak eskatzen. Bizitza duina mantentzeko lana topatu nahi dute, inolako laguntzen menpe egon gabe. 

Jasangarritasunaren helburua duen gizarte honetan, kalean bizi eta pobrezian daudenen datuak jasangarriak ote diren galdetu beharko genioke gure buruari. DSBEren inguruko debatea gero eta ozenago entzuten den honetan ona litzateke gogoratzea gizon eta emakume askorentzat duintasunari eusteko tresna bakarra dela. Horretaz ari gara, azken batean, zerga politika definitzen dugunean. Herri batek zergak nola bildu eta, batez ere, zertarako biltzen dituen. Azken batean zergak murrizteko lehia abiatu duten erkidego autonomoek pobrezia datu okerrenak izatea ez da ausazkoa. Kasualitatea baino, kausalitatea. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK