Kaleak bero

Beti iruditu zait Bilboko Kale Nagusia badela, hein handi batean, gizartearen termometroa. Eta bere historiaren pasarte nagusien lekuko ere bai. Bitxia da, berez duela mende eta erdi arte Kale Nagusiaren lurrak ez zirelako Bilbokoak. Mugakidea zen Abandoko elizatea (errepublika ere esaten zioten) 1870ean anexionatu zuen Bilbok, hedatzeko premiak behartuta. Historia laburra bezain sakona du, hortaz, Kale Nagusiak. Gerra Zibila bitartean, bertan izan zuen egoitza lehen Eusko Jaurlaritzak, eta bertatik desfilatu zuten tropa frankistek gerra irabazi ostean. Kale Nagusia aldarrikapen politikoen lekuko izan da, eta baita gizarte zibilaren bake eskariarena ere. Ekonomi alorrean ere aldaketa franko ikusi ditu. Dagoeneko desagertu diren finantza erakunde handien egoitza nagusiak bildu izan ditu, eta bertako punta-puntako saltoki historikoen tokia multinazionalen frankiziek hartu dute gaur egun. Ekonomia eta lan arloko gatazkak sutsu bizi izan ditu Kale Nagusiak. Krisi ekonomikoetan, langileen aldarrien oihartzuna ozen entzun du On Diego Lopez Haroko Kale Nagusiak. Garai horiek bueltan egon litezkeela uste dut. Aste honetan bertan. pentsiodunen manifestazioa izan da. Aurreko astean, hainbat enpresetako langileek hartu zuten kalea.

Nago kaleak, Bilbon bezala, bero daudela Euskal Herri osoan ere. Ez da giro. Prezioen gorakadak familien erosteko ahalmena murriztu du, eta soldatak ez dira neurri berean igo. Europako Banku Zentralaren interes-tasen igoerek beste koxka bat erasandako die familien minari, mina baita banku zentralek nahita erabili duten berba. Enpresa askotan lan-hitzarmenen negoziazioa etenda dago eta, hauteskunde sindikalak ate joka izanda, kaleak are gehiago berotu litezke hurrengo astean. Hori bakarrik ez eta Espainiako gobernuak urtea bukatu aurretik Europari aurkeztu beharko dion pentsioen erreformak ere egoera gehiago nahasi dezake. 

Europa astindu duen gerrak lehenagotik hazten ari zen inflazioa are gehiago hauspotu, eta gure menpekotasun energetikoa agerian utzi du. Energia errazaren eta merkearen garaia atzean utzi behar izan dugu eta, ipuinean bezala, enperadorea biluzik zegoela ohartu gara. Macron presidenteak argi esan zuen "oparotasunaren garaia" bukatu zela. Galdera da hori guztia nork ordainduko duen. Kaleak bero daudenean, egonezina nagusi da, eta haserreak eta frustrazioak soka luzea ekar dezake. Giorgia Meloniren FdI Italiako Anaiak alderdi ultraeskuindarraren gorakada horren ondorio da, eta hedatzeko arriskua handia da. 

Krisi energetikoak egoera ekonomikoa tenkatu du, baina menpekotasunaren arazoa azaleratzeko ere balio izan du. Jasangarritasuna hitza etengabe darabilgun garai honetan, energiaren kontsumoa birpentsatu beharra dago, eta ez soilik gerra batek hornidura kinka larrian utzi duelako. Jakin badakit inflazioaren erronkak eta atzeraldiaren mehatxuak ez duela errazten hausnarketa egokirik, baina neurri gabeko kontsumoa ezbaian jartzeko unea da. Natura bera kontrolatu eta dena lortu dezakeela itsu-itsuan sinistu du gizarteak, baita uda partean eskiatu ere. Horretarako, Alpeetako glaziarretara hurbiltzea edo Madrilgo Xanadu merkataritza gunera joatea baino ez dago. Neguan, ordea, hotzari aurre egiteko kaleko terrazak berotu izan ditugu energia merkeari esker. Gabonetan, kontsumoaren soka eten ez dadin, argi-kutsaduraz jositako kaleak Eguberrietako argiekin apainduko ditugu. Gipuzkoako udal batek biztanleen artean galdeketa egin eta ezinbestekotzat jo dituzte Gabonetako argitxoak. Tabernariek ere kaleko berogailuen alde egiten dute sutsuki, nola bestela, negoziorik ez galtzeko.

Kontrako norabidean goazela iruditzen zait. Egingo al dugu hausnarketa kritikorik gure kontsumo ereduaren arrakalak agerian utzi dituen krisi honen aurrean? Epe laburrari itsu-itsuan so egiten jarraituko diogu edo begirada zabalagoa izango al dugu? Gatazka sozialek kaleak berotu dituzten garai hauetan, arazoen jatorriari helduko al diogu, ala kaleak berotzen jarraituko dugu? 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK