Kaleratze teknologikoak

Aurreko astean, enpresa teknologikoetan kaleratzeak areagotu egin ziren Stripek 1.000 lanpostu murriztuko zituela iragarri zuenean, edo beste era batera esanda, haren lan-taldearen %14. Lyft eta Affirm ere, besteak beste, batu egin ziren neurriok aplikatzera. Eta asteko azken berria Elon Muskek, Twitterren jabe berriak, harturiko neurri gogorrak izan dira: sare sozialaren langileen erdia baino gehiago izan da kaleratua. Haren hitzetan: “Twitterren egin dudan murrizketari dagokionez, zoritxarrez ez nuen beste aukerarik enpresa egunean 4milioi dolar baino gehiago galtzen ari denean. Atera ziren guztiei, ordea, hiru hilabeteko kalte-ordainsaria eskaini zitzaien, legeak eskatzen duena baino %50 gehiago”. Zilegi iruditzen al zaizu kaleratzeak arrazoitzeko argudioa?

Garbi dago ez dela kasu puntual bat, enpresa teknologiko askoren ibilbide-orrian azaltzen baita kaleratze masiboen erabakia, gastuak murriztu eta EBITDA positibora hurbiltzeko saiakera. Inbertsio merkatua idortu zenetik ez dago lehen bezain beste diru erretzerik, eta pandemiarekin zerbitzu eta produktu digitalek izan zuten gorakada iraunkorra izango zela balioetsi izanak ere arazoak ekarri ditu ondoren. COVID-19ak ekonomiaren zati handi bat itxi zuenean ere, esparru digitalak aurrera egin zuen inbertsioan eta salmentan. Baina, jakina denez, joera horrek ez zuen iraun.

Bigarren ondorio nagusia da Striperen eta beste enpresa batzuen kalkulu-akatsak ezin direla azken bi urteetako estrategia-akatsei bakarrik egotzi. Azken hamar urteotan, teknologia enpresok, tartean Snap, Meta Platforms, Google edota Stripe, bestelako ikuspegi batekin aritu dira lanean. Dirua barra-barra gastatzen aritu dira, etorkizuneko itzulkinez fidatuta. Askoz gehiago ordaindu dute talentuarengatik, ahal zutelako, noski. Horien negozio marjinak harrigarriak ziren. M&A prozesu edo hirugarren enpresen balio handiko erosketak egin zituzten. Orain, aldiz, ez dago egitura potolo hori iraunaraziko duen enpresa teknologikorik.

Etorkizunera begira, gerta litekeena da lan-merkatu teknologikoa ahulduta mantentzea denboraldi batez. Kutxa arazorik ez duten enpresen artean, hirugarren eta laugarren hiruhilekoetan ez da kontratatze handirik egingo, edo bat ere ez, Alphabet edo Metaren kasuan. Inbertsioetan eta gastuen xahutzean oso erasokor izan diren enpresak, berriz, kaleratzeak besterik ez dituzte buruan, 2023. urtean ondo sartu eta balantzea egonkortzen duten arte.

Ez dira garai gozoak teknologia munduan lanean aritzeko, enpresa handienetan batez ere. Teknologiko txiki bat eraikitzen ari bazara edota bertan langile bazara, soila izan eta tentuz jokatu, ez baitago askorako tarterik. Pandemia ondorengo ondorioak dira horiek, eta merkatua erabat doitzen ez den arte malabare gutxi egitea da komenigarriena. Azken egunotako tenperatura altuek ez diote ekonomikoki bizitzen ari garen eta biziko dugun negu hotzari gorazarre egiten.

Horrelako egoera kaotiko edo ezegonkorretatik hobeto ateratzen garela uste dut, baita 2023. urtea oparoa izango dela ere. Datorren urtean enpresa txiki eta sortzaile berri asko ezagutuko dugulakoan nago. Jende trebea dugu inguruan, eta ez gara besoak gurutzatuta geldituko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK