Kanpaina

Gauzek zergatik irauten duten galdetzen diot behin eta berriro nire buruari, eta ez dut egundo erantzun argirik lortu, seguruenik, erantzunik ez dagoelako edo ez behintzat aukera posible guztiak bere baitan hartzen duen erantzun bakar bat.

Hipotesi batzuk behintzat, eztabaida genitzake.

Lehena: gauza batzuek beharrezkoak eta onak direlako irauten dute. Liburuek, adibidez. Paperezko euskarria krisian sartu zen gailu elektronikoak agertu zirenean; liburu-dendetara joan beharrik ez dago gaur egun, salmenta-bideak askotarikoak direlako, eta are gehiago, liburuak derrigor erosi beharrik ez dago, erabileragatiko sistemak (askoz jasangarriagoak) baditugu eta. Aldaketak aldaketa, liburua “artefaktu” gisa ez da aldatu; bere muinak irautea lortu du, gizakioi historia edo istorioak idatziz kontatzeko grina piztu zitzaigunez geroztik. Liburuek iraun dute beharrezkoak eta onak direlako.

Bigarren hipotesia: gauza batzuek oraingoz ordezko hoberik ez dutelako irauten dute eta beraz, denbora-kontua besterik ez da. Noizbait agertuko da hauteskunde-kanpaina baino sistema hoberen bat, zeinak hamabost egunotako antzezpena eta berez sortzen duen kostua aurreztu egingo dizkiguna. Lau urtean behin alderdiak lehiatu egiten dira dena delako ardura instituzionalean aurkarien aurrean gailentzeko, eta boto-eskea bi astez egitea da gure sistemak baimentzen duena. Zentzua izango zuen noizbait, aurrez aurreko komunikazioa beste biderik ez zegoenean zuzenean boto-emaile potentzialengana iristeko. Baldintzak aldatu dira, baina alderdiek politikoek ez dute oraindik aurkitu modu eraginkorrik argi eta garbi informazioa helarazteko balio ez duen sistema hori eraldatzeko eta herritarrei beren proposamenak azaltzeko modu berriak erabiltzeko. Edo, agian, aurkitu egin dute, baina aplikatuz gero, aitortu beharko lukete kanpainen helburua ez dela informatzea, baizik eta nahasmendua areagotzen duen zalaparta sortzea, botoa fede-egintza bihurtzea, sinesmenak goraipatuz edo nortasuna indartuz. Zilegi da botoen lasterketa irabazi nahi duen alderdiarentzat hori guztia, noski, baina mesede txikia egiten zaio horrela indartsua eta erantzulea beharko lukeen demokrazia sendo bati. Hauteskunde-kanpainek iraungo dute sistema hobea nagusitu arte, eta aldaketa ez da etorriko gaur egungoarekin eroso dauden alderdien eskutik.

Eta hirugarren hipotesia: gauza batzuek ez dute iraungo funtzionatzeari utziko diotelako. Denborarekin erabat zentzugabe bilakatu diren betebeharrez inguratuta gaude, hala nola, botoa aurrez aurre ematea ezinbestekoa izatea edota erroldak esleitutako etxean aldi baterako bizi ez diren pertsonek "erregututako botoa" eskatu behar izatea. Bulegora joan beharrik gabe zergak ordaintzen dituen herritarrak nortasun agiria fisikoki erakutsi behar izatea, adibide erraz baterako, anakronia bat da jadanik.

Ez da teknologia bidezko ordezkapena, edo ez hori bakarrik. Herritarren kulturaren kontua ere bada; gure erantzukizuna da alderdi eta erakundeei gogoraraztea demokrazia ordezkatzaile batean boterea aldi baterako baino ez zaiela ematean, eta beti modu mugatu batez eta kontrolaren mende. Kontuak emateko sistemak ez dira berez sortuko egungo erakundeen barrunbetatik, herritarrok pausoa egin beharko dugu plaza publikoan aldaketa hori eskatzeko.

Ostegunean hauteskunde kanpaina bat hasiko da, eta ehunka promesa entzungo ditugun bitartean, ongi dakigu inortxok ere ez duela zainduko beteko ote diren. Burutazio onenak merke-zurrean eskainiko dizkigute eta titularrak beteko dituzte, baina horietako gutxi iritsiko dira balizko gobernu-programa baten parte izatera. Gauza batzuek irautea lortzen dute, funtzionatzen ez duten arren, funtziona dezaten zerbait gehiago egin dezakegunok nahikoa egiten ez dugulako.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK