Norbaiti “helbidea” galdetu eta bizi den etxeko kalea, zenbakia, solairua eta eskua ematen badizkizu, berehala jakingo duzu zein diren bere erreferentziak. Bide beretik, PCaz hitz egiten ari bazarete eta zure buruak alderdi komunistaren ikurra irudikatzen badu, zure erreferentzia horiek joan den mendekoak direla nabarmen erakutsiko diozu zure solaskideari. Nik neu nire bizitzaren zati garrantzitsu bat XX. mendean igaro dut eta beraz, gaitasun profesionalei eragiten dizkieten gaitzei buruzko artikulu bat irakurtzen ari nintzela KGB siglak ikusi nituenean, Errusiako inteligentzia-zerbitzuarekin konektatu nuen berehala. Oker nengoen: berriki ikasi dut ingelesezko FOMOren euskarazko baliokidea dela beste KGB hori: Fear of Missing Out, hau da, Konexioa Galtzeko Beldurra (bai, itzulpena apur bat behartu egin dut, baina funtzionatzen du, ez da?).

Hitzak behar ditugu errealitatea izendatzeko, baina bereziki, errealitate horri eragiten dioten zergatiak ulertu behar ditugu. Akronimoa ezezaguna zitzaidan, ez ordea bere esangura. Hitz lauz esanda, aseezintasuna eta haren ondorioak deskribatzen ditu eta Harvard Business School-en sortu zuen Patrick J. McGinnis ikertzaileari zor diogu, "The 10% Entrepreneur" izeneko lanean  garatuta eskaini zuenetik.

KGBrena da nire buru barrutik xuxurlatzen didana oraindik ez ditudala iritzi guztiak kontrastatu nire erabakia hartu aurretik. Edo oihukatzen didana hainbeste landu dudan ideia hori ontzat eman aurretik antzeko beste proposamen batzuk berrikusi behar ditudala. KGB hori da begien aurrean amaigabeak eta ezin hartuzkoak diren hamaika erreferentzi berri jartzen dizkidan ispilua. Beste batzuk zertan ari diren, zer argitaratzen duten, zer esaten duten jakiteko premia larria eragiten didan dena delakoa da, erabaki eta energia deuseztatzailea.

Informazioa eskuratzea funtsezko abantaila profesional bihurtu denik ezin da ukatu, baina eskura daukagun ezagutza iritsezina delarik, noiz eta nola isildu ahal dugu ahots hori?. Den-dena horren bizkor aldatzen ari den garai honetan, ezinbesteko bilakatu dugu ideia berrienak ezagutzea, joera berriez zer edo zer jakitea, besteek esan edo egiten dutenaren berri izatea eta abar. Gure buruari eskuraezina den helburua jarri diogu eta lasterketa frenetikoan dihardugu, alferrik dela jakin arren. Harreman toxikoa ezarri dugu gure buruarekin eta aseezintasunaren besoetan katramilatuta geratu gara.

Zenbat aldiz oheratu zara, irakurle, Netflixeko katalogo ia osoa pasa eta gero pelikula bakar bat hautatu ezinda? Bada, horixe bera gertatzen zaigu gero eta maizago enpresa-kudeaketaren esparruan ere. Paralisira iristeko bide asko daude, eta artezena analisia da.

Gure buruari eta gure jardun profesionali ezarri dizkiogun neurririk gabeko presioek are gehiago zailtzen dute erabakiak hartzea eta gure garapena galgatu egiten dute etengabeko distrakzioak sortuta. Proba-errorea sistema klasikoan datza ikasketarik garrantzitsuena eta horretarako maiz gure burua galtzen utzi behar dugu, marraztu gabeko mapetan leku interesgarri asko baitago oraindik deskubritzeke.

Urte berrirako gurarien zerrenda egitea dagokigun honetan, ni neuk KGBgtik GAPera igaro nahiko nukeela esan diot nire buruari: Konexioa Galtzeko Beldurrari izkina egin eta Galduta Aritzearen Pozaz gozatzen ikasi nahi dut.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK