Kulturaren alde

Joan den ostiralean, The Guardian egunkariak hizki larriz idatzi zuen "Kultura" berba bere iritzi-editorialean. Ez luke salbuespena izan behar, baina gutxitan ageri da hitz hori gisa honetako iritzi-ataletan, ez bada beste gairen bati lotuta eta zeharbidez. Kazetaritzaren arauak aldatu ez badira, behintzat, egunkari batek bere editorialean jasotzen du etxeak gai bati buruz duen posizionamendua eta eskuarki, eztabaida eragitea du helburu. Hauxe ei da kasua, editorialaren izenburua baita "Artearen alde borrokatu austeritate garaian". Zergatik orain? Edo zehatzago nahi bada, zergatik orain arte ez?

Uda jaialdi-aroa da, ekoizpen handien hilabeteak. Jendetza pilatzen da askotariko ikuskizunetan, eskuarki, dirutzak ordainduta, eta ez du ematen orobat inguratzen gaituen etengabeko krisiak eragin izan duenik horretan. Ticketmasterren jabeak duela gutxi jakinarazi zuenez, 2023an kontzertuetara joan zirenen kopuruak %20 egin zuen gora eta txartelen salmentek %13. Datu horien argitan, jaialdi, kontzertu eta ordainpeko musika emanaldien sektorearen emaitzak %46 igo ziren.

Kulturaren sektorea ondo doa, baina Kultura ez horrenbeste. The Guardianen artikuluak jasotzen du, adibidez, hamaikatxo direla diru publikoz eta gizarte-ekinbidez antolatu ohi ziren kultura popularreko jaialdiak ia desagertu egin direnak, salbuespenak salbuespen, finantzazio publikoaren iturria zeharo lehortu baita bertan. Ez zaigu arrotz egiten, ez da?

Kulturaren azpiegiturak garestiak dira: sortzaileek duintasunez bizi behar dute sortzen jarraituko badute eta kulturaren eskaintza eskura izan behar dugu herritarrok, eskaria itoko ez bada. Gaur egungo testuinguruan inoiz baino gehiago aldarrikatu behar da kulturak gizarte-balioa sortzeko palanka gisa duen gaitasuna, baina hitzetik harago, irizpide ekonomizista hutsak gainditzeko zer bide jorra daitekeen ez dago argi.

Irtenbideen artean, azken urteotan dezente zabaltzen ari den "inpaktura zuzendutako ekonomia" deiturikoak merezi du aipamena. Hitz lauz esanda, enpresa-ikuspegi honen erdigunean batera kokatzen dira edozein jarduera ekonomikok sor dezakeen gizarte eta ingurumen-inpaktu positiboa sortzea eta etekin ekonomikoak; biak ala biak. Lankidetza publiko, pribatu eta sozialaren artean zubiak eraikitzeko arkitektura alternatiboa sor liteke hortik. Eta ezinbestekoa zaigu.

Ikuspegi-aldaketak txikia eman lezake, baina ez da: enpresek emaitza ekonomiko positiboak izan behar dituzte ezinbestean iraungo badute, baina beren helburua ez da iraute edo aberastea soilik, jardueraren bidez eragin soziala sortzea baizik. Giza-eskalara ekarrita esan genezake, adibidez, gizakiok oxigenoa behar dugula bizirik irauteko, baina gure helburua ez dela arnastea, bizitzea baizik.

Kultura ordaindu egin behar da, baina nola bermatu ordaintzerik ez dutenen kulturarako eskubidea? Programazio publiko eta sozialik ez bada bermatzen, Kultura trukerako ondasun hutsa bilakatzen da, merkatuaren legera makurtuta, bere gizarte- eta giza-funtzioaz desjabetuta. Kultura ez da ikuskizun garestien multzoa, edonori bere burua jantzi eta bere ametsak adierazteko modua eskaini behar duen gizarte-ondasuna baizik.

Austeritatearen aroan, Kulturaren alde borroka egitera deitu du The Guardian egunkariak bere editorialean. Kultura garestia iruditzen bazaizu, irakurle, saia zaitez neurtzen ezjakintasunagatik berandu baino lehen denok ordainduko dugun prezioa.

Ray Bradbury idazleak esan zuen bezala, Kultura desagertzeko ez dago zertan liburuak erre: nahikoa da garesti saltzearekin.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK