Lan-arrakastaren pertzepzioa

Azkenaldian asko entzuten ari naizen esaldia da: “aurreko lanean ez nuen bizitzarik”. Lekukotasun asko dago gaizki ordaindutako lanen bueltan, baina ez hainbeste ordea, ondo ordaindutako baina lan-baldintza gogorrak pairatu behar izaten dituzten langileenak. Gaur horietan zentratuko naiz: lehen begiradan arrakastatsuak diruditen lanetan, baina ametsgaizto bihur daitezkeenetan.

Orain ez asko laneko arrakastaren pertzepzioari buruzko elkarrizketa bat irakurri nuen prentsan. Honen arabera, pandemia ondoko aroan, profesional asko beren ogibideak eta karrera profesionalak berrebaluatzen ari dira: hain zorrotzak ez diren lanen alde egiten, lanaren eta bizitzaren arteko oreka hobea lortzeko. Beste askok, berriz, ekiteko hautua egin dute, enpresa edo autonomo bezala lan duin eta norberaren bizitza pertsonal zein profesionalaren jabego osoa edukitzeko. Baina zer dago eraldaketa honen atzean? Arrakastaren pertzepzio aldaketa.

Arrakastaren definizioa kontzeptu tradizionaletik —aberastasunaren eta estatusaren metaketa— urrundu egin da, ongizate pertsonalaren eta osasun mentalaren balioa handituz. Arrakasta ulertzeko bilakaerak lan-kulturaren bilakaeran aldaketa bat ere eragin du: dirua eta ondare pertsonalaren pilaketaren gainetik, gogobetetasuna eta bizi-kalitatea arrakasta-adierazle nagusi bihurtzen ari dira. Eta ez bakarrik plano pertsonalean, belaunaldi berrien eta ez hain berrien ikuspegi hori aldaketa nabarmenak ekartzen ari da egungo eta etorkizuneko lan-politiketan eta kultura enpresarialean. Iraganean, karrera profesionala arrakastatsutzat jotzen zen diru-sarrera handiak eta lanpostu gorena zituena. Gaur egun, ordea, gero eta pertsona gehiagok birebaluatzen dituzte beren lehentasunak, lan-bizitzaren eta bizitza pertsonalaren artean oreka hobea eskainiko duten lanak bilatu eta osasun mentala errespetatu ahal izateko.

Honek ez du atzera bueltarik. Aldaketa horrek ondorio garrantzitsuak ditu enpresari eta enplegu-emaile ororentzatt. Enpresek aukera berri horietara egokitu behar dute, lan-ingurune malguagoak eskaini behar dituzte eta langileen osasun mentalari gehiago erreparatu. Arrakasta neurtzeko metrikak aldatu beharrean gara, eta langileriaren ongizateari eta iraunkortasunari garrantzi handiagoa eman.

Hala ari dira instituzio eta gobernuetan ere, batzuetan behintzat. Erakundeek funtsezko zeregina dute laneko arrakastari buruzko pertzepzio-aldaketan: ongizatearen eta osasun-mentalaren aldeko politikak sustatzea, lan-bizitzaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka babesteko legediak ezartzea edota lan-araudi malguagoak bultzatzea. Gizarte kohesionatu eta justuagoa nahi badugu, bakoitzak beretik abiatu eta plano kolektibora pasatzeko bidea egin beharko du. Lehenik eta behin norberekiko justizia eta oreka lortu beharko du —lana, familia, lagunak, zaintza-pertsonala, etab.— eta hori lortzen dugunean, gainontzekoekin antolatu eta kolektibizatu.

Laneko arrakastaren pertzepzioaren aldaketak gizarte orekatuago eta ongizateaz kontzienteago baterantz eboluzio osasuntsu bat ikusten ari gara, baina hemendik aurrera arrakasta materialak bere lekua izango duen arren, ez da bizitza arrakastatsu eta gogobetegarriaren barometro bakarra izango. Espero dut aurtengo urtea trantsizio eta pertzepzio aldaketa horren isla izatea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK