Lan egizu, migratzaile

Shengen lurraldekoa ez bazara, zaila daukazu Euskal Herrian lan egitea. Alegia, Europako Shengen lurraldeko nortasun agiria ez badaukazu, lan egiteko aukera izanda ere, gaitza izango zaizu oso lanean hastea. Zergatik? Demagun Nikaraguatik (edo Senegaletik, edo Pakistanetik) etorri zarela, zure pasaportearekin, eta hiru hilabeteko turista bisa batekin. Denbora hori pasata, ez daukazu Espainian bizitzeko baimen agiririk, ezta lan egitekorik ere. Ez zaude baimenduta lanik egiteko. Hiru urte pasa behar dituzu (hiru urte!) Espainian erroldatuta, eta dirulaguntzei esker edo ezkutuko ekonomiako lanei esker bizitzen, hori kasurik onenean, ez baitizute baimenik emango enplegu bat izan dezazun.

Datu bat ez dut topatu: zenbat pertsona bizi diren gurean lan egin eta bizitzeko baimenik barik, paperik barik. Milaka dira, hala ere. Guztiok ezagutzen ditugu. Nahiz eta enpresari batek kontratatu nahi izan, ezin ditu kontratatu. Nahiz eta autonomo moduan ipini nahi izan, ezin dute negoziorik jarri. Ekintzaile izanda ere, ezin dute Gizarte Segurantzan izena eman.

Hiru urteren ostean erakusten badute gutxienez urtebeteko lan-kontratua dutela, eta 1.000 euro inguruko soldata izango dutela, orduan bai, erregularizatu daitezke, eta lan egiteko eta bizitzeko paperak eskuratu. Autonomo moduan lan egiteko, frogatu behar dute negozio-proiektu bat daukatela, gero proiektuaren aldeko txostena jaso, eta hamar mila euro inguru aurreztuta dauzkatela egiaztatu, negozioari hasiera emateko.

Sistemak hiru urteko zulo beltz batean hondoratzen du atzerritarra paperak lortu ahal izateko, eta epea bukatzen duenean, langatxoa jartzen dio oraindik ere, paperen edo e-administrazioaren burokrazian murgiltzeko, ez dezaten pentsa Europako ametsa pagotxa denik. Bizirautea eta lan egin beharra lanean hasi ahal izateko.

Gipuzkoako ostalariak izan dira aitzindariak, baina enpresetako beste sektore batzuk ere kexu dira ez dituztelako langileak topatzen. Langile prestuak eta prestatuak behar dituzte, eta bertan ez omen daukagu nahikoa pertsona enplegurako gertu. Ostalariak Kolonbiara joko dute, bertatik lan-kontratudun morroiak ekartzera. Espainiako gobernua atzerritarrei buruzko erregulazioa aldatzeko proiektua lantzen dabil, eta badirudi bi neurri hartuko dituela Shengenekoak ez direnen langileak erakartzeko: jatorrizko herrialdean kontratatu (Gipuzkoako ostalarien modura) eta bertan dauden paper bariko pertsonei lan-eskaintzak baimendu. Enpleguaz eta demografiaz kezkatuta, bertan dauden pertsonek ere lan eta bizitzeko baimena izan dezaten.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK