Lan-eremu seguruen balioaz

Erraz eskatzen al duzu laguntza lanean? Laguntza eskatzeko gaitasuna ez da ezezagutza edo baliabide beharren erakusle bakarrik, umiltasunaren  eta norberaren segurtasunaren adierazgarri ere bada. Laguntza eskatzearen kontzeptua sinplea eta ebidenteegia badirudi ere, zaila izaten da egungo lan-inguruneetan; harrotasun edota ego kontuengatik askotan, geure kabuz ikasi edo egiten saiatzen gara laguntza ez eskatu behar ez izateko. Guztia honetan, gizonezkook etxeko lan bikoitza dugu gainera, gaitz hau areagotu egiten baita gizonezkoen artean.

Laguntza eskatzea askotan ahultasun edo gaitasun ezaren seinale gisa hautematen den ekintza da eta ez dut esango pertzepzio hori gizartearen errealitatetik urrun dagoenik. Praktikan, laguntza edo aholkua eskatzea sendotasunaren seinale argia da, pertsona batek bere gaitasunetan eta lantoki batean duen rolean duen segurtasuna erakusten baitu. Gure mugak ezagutzeak eta beste batzuen laguntza bilatzeak ez du profesional gisa dugun balioa murrizten, gure ikuspegia aberastu eta lankidetza-ingurunea sustatu baino. Baina orduan zergatik ez dugu laguntza gehiagotan eskatzen?

Zaurgarritasun eta gardentasun ariketa bat eskatzen du honek, eta horrek ez gaitu denok eroso sentiarazten, batez ere, geure buruarekin eroso sentitzen ez bagara. Laguntza eskatu ahal izateko seguru sentitu beharra dugu, eta alde batera utzi segurtasun ezak, epaitua izateko beldurrak edota eskumenik ezaren pertzepzioak. Hala ezean, eta lehia basatia edo kritika suntsitzaileak nagusitzen diren giroan, segurtasun eza loratzen da, eta, horrekin batera, laguntza eskatzeko mesfidantza.

Beraz, ezeren gainetik funtsezkoa da lan-ingurune seguruak eta enpresa-kultura sendoak eraikitzea, langileek beren zalantzak adierazi eta laguntza bila dezaketela senti dezaten, errepresalien edo iritzi negatiboen beldurrik gabe. Gainera, horrelako giroek ideiak eta ezagutzak trukatzea errazten dute, eta elkarlanerako eta etengabeko ikaskuntzarako kultura elkarbanatu. Talde bateko kideak seguru eta babestuta sentitzen direnean, taldearen eraginkortasuna eta produktibitatea nabarmen hobetzen dira.

Osasun mentalaz asko hitz egiten da baina ez gaixotasun mentalak eragiten dituzten egoera edo eremuen inguruan; eta bai, lan-eremu edo arlo profesionalean ematen diren giro txarrak eta botere harremanak dira gaixotasun mentalen kausa nagusietako bat. Ingurune seguru bati esker, pertsonak profesional gisa ez ezik, gizabanako gisa ere garatzen dira. Elkarri laguntzeak eta besteengandik ikasteko aukerak lan-esperientzia aberasten dute, komunitate- eta kidetasun-zentzua sustatu eta lan-gogobetetzea hauspotu.

Azken lerroetara iritsi naiz baina orain artean ez ditut errentagarritasuna eta produktibitatea aipatu ere egin. Nola ez, segurtasun eta kultura enpresarial sano bat ezinbestekoak dira edozein enpresa edo erakundek epe luzean arrakasta eta errentagarri izan daitezen. Ez ditut izendatuko baina aski ezagunak dira negozio onak izan baina giza-taldearen giro txar eta oldarkorrarengatik zuloan bukatu duten enpresak.

Lan-eremuetan seguru sentitu beharra dugu, umiltasunez laguntza eskatu eta besteak laguntzeko ere. Ez da desiragarria soilik, funtsezkoa da ekipo indartsuak, erresilienteak eta eraginkorrak eratzeko. Lan-kultura jasangarriak eraiki ditzagun, elkar lagundu eta elkarri laguntza eskatzera ausartu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK