Lan publikoaren lehiakortasuna

Azken hilabete eta urteetan asko errepikatu da, gainontzeko Europako herrialdeekin alderatuz, funtzionario eta langile publiko kopuru handienetariko bat dugula. Baina hori ez da egia. Eurostat eta OIT azaldu dute ia ezinezkoa dela herrialdeen arteko funtzionario kopurua alderatzea, kontzeptu hori desberdina baita herrialde bakoitzean.

Hala ere, bada errealitatea geroz eta postulatzaile gehiago daudela sektore publikoan postu bat lortzeko gogoz. Europa mailan eman dira zenbait erreforma lan publikoaren inguruan lehiakortasuna bultzatzeko helburuarekin. Agian hemen ere zerbait egin beharko litzateke?

Askotan nire buruari egin diodan galdera da: merezi du langile publiko edo funtzionario egitea, eta sektore pribatua uztea? Erantzuna ez da erraza. Arlo publikoan zein pribatuan azken urteetan zenbait arazo partekatu daude: profesionalen falta handia dago sektore jakin batzuetan eta hori gutxi balitz, batzuetan, dauden profesionalen lan egiteko moduak ez dira onenak, bokazio falta handia dago eta. Gaur egun, lanaren kondizioak (soldata, ordutegia, etab.) garrantzitsuagoak dira lana gustukoa izatea baino. Eta arlo publikoak baldintza onak eskaintzen dituela ezin ukatu.

Zenbat kasu izan dira non, adibidez, industriako sektoretik lanbide heziketako formakuntzako irakasle izatera pasa izan direnak? Bokazioagatik izan al da edo, alderantziz, ikusi dutelako enpresa pribatuetan lan egin eta gero nahiago dutela presio gutxiago, ordutegi hobea, opor gehiago, lan arinago egin eta soldata hobeagoa eduki?

Sektore pribatuan geroz eta zailtasun handiagoa dago lanerako pertsonak topatzeko, eta arlo publikoan, berriz, oposaketa gero eta jendetsuagoak topatzen ditugu. Postu publiko bat lortzeko egin beharreko esfortzua handia da. Askok urteak pasatzen dituzten ikasten hautaketa froga gainditzeko, baina horrek bermatzen al du posturako egokia den pertsona hautatzea? Sektore pribatuan geroz eta ohikoagoak dira froga praktikoak, proba faseak langilearen egokitasuna konfirmatzeko.

Oposaketetan, 100 posturentzako 2.000 pertsona aurkezten dira azken urtean azterketa horretarako prestatzen aritu direnak. Gero azterketa bat egiten dute, eta aurkeztuen artean klasifikazio bat egiten da (emaitza altuenetik baxuenera). Ikasitakoa ondo ikasi duela bermatzen al du azterketak? Non geratzen dira gaur egun hain beharrezkoak diren zeharkako konpetentziak?

Horren ondorioak argiak dira: sektore publikoa arlo askotan ez da efizientea, sarritan ez du sustatzen berrikuntzarik, eta bertan lan egin nahi dutenek askotan ez dute bokazioa arrazoi nagusi moduan. Beraz lan postu publikoen sistema jasangarria eta efizientea al da? Berekoia izanez gero, bai, lehen aipatu ditudan arrazoi guztiengatik. Baina benetan hori al da nahi dugun bidea jarraitzea? Instituzioen aldetik horrelako balioak ez ziren bultzatu beharko. Non geratu da gizakien sen primitibo hori ,egunetik egunera hobetzen joatekoa, eta daukagunarekin ez konformatzekoa?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK