Lanbide-hizkuntza

Zortzi-bederatzi urteren bueltan, familia-egitura ezagutzeko edo, gurasoen lanbideez galdetu zieten alabei eskolan. Gelako ume guztiak pasa ziren, banan-banan, gurasoek bizibidea nola ateratzen zuten kontatzera eta erantzun guztiekin irudi bat osatu zuten arbelean, hitzez eta marrazkiz. Nire alabek apur bat lotsatuta kontatu zidaten gezurra esan behar izan zutela, ez baitziren gai izan nire lana zertan datzan azaltzeko. Urte hartako horma-irudian nire alaben ama (hots, ni neu) dendari gisa agertu nintzen.

Bilerak egitea, telefono deiei erantzutea eta ordenagailuaren aurrean orduak ematea zein lanbide mota den azaltzea ez dela erraza esanez desenkusatu ziren alabak. Ingelesez white-collar worker dute, guk lepoko zuridun langile edo itzuli genezakeena imajinazio pittin batez, baina hitzak gora-behera, esangura-hutsune handi bat dagoela aitortu behar da. Arazoa, argi gera dadin, ez da gure hizkuntzarena, jakina. Hitzek errealitate berri bat islatu behar dute eta adierazi nahi diren kontzeptuak irristagarriak dira gaur-gaurkoz. Esangura zehetasunez definitzea ez da erraza, egiten duguna kategoria berrietara eraman behar dugu, eta horregatik ofizioak eta lan industriala ez dena nola izendatu ez dakigu.

Aurten 48.000 ikasle inguru matrikulatu dira Lanbide Heziketan Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere sariak banatzeko atzo egin zuen ekitaldian eman ditu datuak HETEL Euskadiko Lanbide Heziketako Abantean Ikastetxeen Elkarteak. Laneratze-tasa oso altuak eskaintzen dizuten lanbideetarako prestatzen diren ikasleen kopuruak urtero gora egiten du, eta aurten % 10ekoa izan da hazkunde hori. Gero eta gehiago dira lanaren mundurako jauzia lanbide-hezkuntzaren bidez egiten dutenak.

Ikasle horiek laster langile izango dira han edo hemen, eta horietako batzuen seme-alabek arazoak izango dituzte lanpostu horiek zehazki zer diren azaltzeko. Izan ere, garai bateko kategoria itxiak (mekanika, igeltsaritza, iturgintza eta abar) aise gainditzen ditu Lanbide Heziketak eskaintzen duen prestakuntzaren katalogoak. Ofizio hitza entzunda denoi bururatzen zaizkigun prestakuntza tradizionalak hor daude, eta horiekin batera gurea bezalako industria-sare aurreratuaren beharrak asetzeko moduko punta-puntako prestakuntza teknologikoak ere bai.

Munduko Ekonomia Foroaren Enpleguaren Etorkizunari buruzko Txostenean irakur daitekeenez, hazkunderik azkarreneko enpleguak teknologiaren eta digitalizazioren ingurumarian kokatzen dira: datu-analisia egiteko gai diren langileak, makrodatuetan igeri egiteko kapaz direnen espezialistak, adimen artifiziala eta zibersegurtasunaren arloko ikasketak egingo dituzten profesionalak eta gisa berekoak % 30 haziko dira batez beste 2027ra arte.

Hitz berriak asmatu beharko ditugu, eta berehala egitea komeni da, eraldaketa hori bizkortu egin da zeharo. Lanbide-hezkuntzaren arrakastak lanbide-hizkuntza eskatzen du, belaunaldi berriek asma dezaten beren buruaz hitz egiten.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK