Langile autonomoen porrota

Ekintzailetzaz asko hitz egiten da. Ekintzaileen porrotaz, gutxiago. Porrotaz, oro har, gutxi hitz egiten dugu. Zeren porrota gertatu, gertatzen da. Askotan. Ekintzaileak ideia on bat dauka, finantzazioa topatzen du, jarduerari ekiten dio, eta ondoren, negozioa ondo atera ahal da. Ala ez. Ondo ateratzen denean, aitortza ekintzaileari, sariak, aipamena, prestigio soziala, etekin ekonomikoa. Gaizki irteten denean, arrazoiak arrazoi, ekintzaileak porrot egin du, gizarteak baztertu egingo du, eta gainera, litekeena da bere bizitzako urte luzeak ekintzailetzaren ondorengo porrotaren zorrak ordaintzen ematea.

Gure egungo lege-sistemak finkatzen du zordunak bere oraingo eta etorkizuneko ondasun guztiekin erantzuten diola zorren ordainketari. Horrek esan nahi du negozio edo ekintzailetza saio baten ostean sortutako edo egindako zorrei ordaindu arte erantzun beharko zaiela, oraingo eta etorkizuneko ondasunekin. Kasu askotan, etorkizun hori oso luzea da, eta porrot egin duen ekintzailea urte askotan zamatuta geratzen da. Ez bizitza proiektu berririk, ez ekintzailetza berririk. Zorren zama baino ez.

Ekintzaileak sozietate forma hartu duenean errazagoa da zorren salbuespena, antolaketa, eta azken finean, likidazioa. Konkurtso mekanismoak aurreikusita daude sozietateentzako. Azken arauketa, irailaren 26an indarrean sartuko den Konkurtso Lege berria. Ostera, desberdina da zorrez salbuetsita geratzea ekintzailea pertsona fisikoa, langile autonomoa denean. Langile autonomoa eta enpresa pertsona bera dira, beraz, zorrak horrexek ordaindu beharko ditu.

Horregatik da garrantzitsua bigarren aukera bat arautzen duen lege bat, langile autonomoak, porrot egindako ekintzaileak, beste aukera bat izan dezan bere jarduera ekonomikoan edo bere bizitzan, ahalbideratuko diona zorrak atzean uztea, eta, nolabait, ekonomikoi zerotik hastea.

Espainian bigarren aukerari loturiko legea berri samarra da, 2015ekoa. Lehenago ez zegoen pertsona fisikoen bigarren aukera arautzen zuen legerik. Nabari da enpresari autonomoen babes falta sozietatearen aldean. Eta zazpi urte indarrean egonda ere, gutxi erabili da, orain arte, bigarren aukera arautzen duen bidea, ordaindu gabeko pasibotik salbuetsita geratzeko baliabidea.

Legeak bere izenari zor dio helburua: egoera ekonomiko larri bat daukaten pertsonei bigarren aukera bat ematea du helburu. Ezartzen duen prozedurari jarraituz, aukera ematen du banku maileguak, txartel kredituetako maileguak, mailegu hipotekarioak, etab. baztertzeko. Xedea da prozedura bukatutakoan, zordunak dauzkan zorren zati handi bat edo zor osoa baztertzea, eta ondorioz, berriro ekonomikoki bideragarri izatea, zorren zamapetik libre. Azken xedea da gainzorpetuta dauden pertsona fisiko edo langile autonomoak bere zorrez libratu daitezela.

Langile autonomoaren edo ekintzailearen porrota ez da aitortzen erraza. Bigarren aukeraren prozedura heltzen zaionerako, hamaika izan dira buruhausteak eta penak. Horregatik, langileak zaintzea garrantzitsua den moduan, ezinbestekoa da autonomoak zaintzea ere. Gaur porrot egindako autonomoa biharko enpresari arrakastatsua izan daitekeelako, horregatik besterik ez bada ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK