Lau milioi karaktere... eta Mila esker!

Abentura guztiek dute hasiera bat. Gurea apirilaren 25ean izan zen (etxe barrukoentzat, aldiz, astebete lehenago). Astelehen horretan abiatu genuen EnpresaBIDEA.eus, ekonomiaz euskaraz diharduen egunkari digitala. Xume abiatu ginen, xume bezain gogotsu, ekonomiarena euskarak jorratu behar zuen territorioa zela sinetsita ginelako. Ekonomia baliabideak kudeatzeko zientzia zela erakutsi ziguten eskoletan. Gaur egun, ordea, ekonomia beste inoren esku utzi dugula uste dugu. Arrotza eta, askotan, ulerkaitza den mundua bilakatu delakoan gaude eta, hortaz, egiteko lan handia dagoela uste dugu. Ekonomia etxekotu nahi izan dugu hilabete guzti hauetan, denok eragile ekonomikoak garela azpimarratuz. Gure erabakiek gure ingurunea balditzatzen dutela azaldu nahi izan dugu. Non eta nola erosi, kontsumitu, inbertitu... hura izan. Ekonomiaren zehar lerroak lehen mailara ekarri nahi izan ditugu eta trantsizio ekologikoaz, jasangarritasunaz, ekintzailetzaz eta diruaz egin dugu berba. Berbaz berba eta kantuz kantu. Izan ere euskaldunok ekonomiari nola kantatu diogun aztertu dugu, musikak ere ekonomiarekin lotura handia duelako. Orkestra zuzendariak izan ditugu gure artean eta Euskal Herrian Rock and Rollak dirurik ematen oten duen galdetu diegu musika arloko eragileei. Hitza jolas ere izan dugu eta inflazioa, pentsioak, prekarietatea eta euriborra bezalako gaien inguruan bertsotan ibili gara. Jolasa eta jokoa ere bai. Futbola, eskalada, runninga, surfa... guzti horietan trebatu egin gara eta! Bestelako begiradarekin begiratu nahi izan diogu gure errealitateari eta horretarako zineman murgildu gara eta literaturan barrena ibili gara. Beste herrialde batzuetara salto egiteko parada ere izan dugu: Taiwan, Qatar, Frantzia... eta baita Euskal Herriko proiektuak ezagutzeko aukera ere. Zazpi lurraldetako enpresa handi, ertain zein txikik ateak zabaldu dizkigute eta herri txiki honetan denetarik egiten badakigula argi geratu zaigu. Bidelagun asko egin ditugu hilabete hauetan, alor ezberdinetakoak eta lurralde guztietakoak. Argi genuen ekonomiari ezin zaiola ikuspegi bakarrarekin so egin eta betaurreko asko beharrezkoak direla, moreak, besteak beste. Ekonomiaren munduan emakumezkoen parte hartzea nabarmentzea dugu helburu, bestela, Lara Izagirre Garizurieta zinema zuzendariak gurean esandako hitzak erabiliz, ekonomia gorputz bat bada, gorputz erdia falta zaiolako, emakumeena. Aliatu eta bidelagun zoragarriak topatu ditugu bide honetan eta horrek aberastu egin gaitu. Hazten ari garen proiektua dela oso argi dugu eta irakurle, kolaboratzaile, babesle, bezero eta, orohar, laguntzaile guztien hauspoa ongi etorria da. Hori izan zen, hain zuzen ere, guretzako Rikardo Arregi Kazetaritza Saria jasotzea: hauspoa. Espero gabeko, baina oso desiatutako, sorpresa. Hitza hitz, bertsoa bertso eta kantua kantu urte bukaerara heldu gara. Atzera begiratzeko uneak izaten dira egun hauek eta horrela egin dut.  950 artikulu baino gehiago publikatu ditugu 2022. urte honetan. Gure proiektua, artikuluak bezala, ekarpen txikiez egindako uzta da. Hitz eta karaketerez osatutako emaitza. Uzta oparoa izan da gurea: Lau milioi karaktere inguru. Nire partez beste zenbaki bat gehitu nahi dut: Mila esker!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK