Lehorte-aldi baten oroitzapenak

“Kito, bukatu da lehortea”. Horixe pentsatu genuen askok 1991ko lehen egunean, goiz esnatu eta trilioi bat euri tanta egongelako miradorearen kontra setati jotzen ikusi genituenean. Ez dut gogoratzen esnatze goxoagorik urteberri egun batean -txantxak egitea libre!-. Hainbatetan erregututako euria agertu zen azkenean, goitik behera gogotik jauzten. Luze geratu nintzen ni han, sofan lasai eserita, ur bedeinkatu haren ikuskizunari begira. Ezin ahaztu etxean hartu genuen lasaitasuna.

1980ko hamarkada amaieran lehorte gogor batek Euskal Herria jo zuen, Bilboaldea eta Gasteizko kuadrilla bereziki. Horren ondorioz, 1989ko urritik 1991ko otsailera bitarte, ur-murrizketak ezarri ziren eskualde horietako biztanleriarentzat. Toki bakoitzaren arabera handiagoak edo txikiagoak izan zitezkeen, baina oro har eguneko zenbait orduetan etxeko ur-hornidura etetea ekarri zuten. Gogaikarriak izan ziren arren, gaur egungo umeek pandemiak eragindako murrizketei nola, etxean oso arin moldatu ginen egoera berrira. Neba-arrebontzat alde txar bakarra izan zen aitak erantzukizun politikoa zuela —horrexegatik arestian aipatutako lasaitasun hura—. Hala eta guztiz ere, kezka existentzialistagoa nuen nik nire baitan: eta euria egingo ez balu, inoiz ez gehiago?

Zorionez, euria agertu zen, eta handik gutxira murrizketak bertan behera geratu ziren. Baina ez hori soilik. Urte batzuen buruan, eskolako autobusetik goizero ikusten nuen Asuako lantegiko tximiniak hori koloreko ke nazkagarria isurtzeari utzi zion. Asua erreka bera garbituz joan zen, eta kiratsa zerion marroi koloreko ur zikinari eten zitzaion. Alboko erreka eta ibai guztiekin gertatu bezalaxe. Bilbotar guztion mokordoak, Ibaizabalera barik, Galindoko araztegira desbideratu ziren. Ezkerraldeko fabrikak itxi zituzten, eta horrezkero ez omen zuten gehiago kutsatuko. Garai idor hartako suteek utzitako lursail kiskaliak —Barrikako zahar-etxeko atzeko aldeko landa eremuaz gogoratzen naiz— pixkanaka errekuperatu egin ziren, berpiztu. Pinuekin berpiztu, dena esan behar badugu.

30 urte baino gehiago pasa dira, eta beste lehorte-aldi bat pairatu dugu aurtengo udan. Berriro ere sute suntsitzaileak eta ur-hornidurarekin arazo larriak. Izuak piztu dituen iragarpen kasandrianoa barne: gure bizitzaren gainerako udarik freskoena izan liteke honako hau.

1991ko urteberri egunean, eginda zegoela zirudien, arazoa konponduta. Guztiz kontrara, tamalez. Mundu mailako leherketa demografikoak, karbono dioxidoaren isurketa masiboek eta aldaketa klimatikoaren arazoari ez ikusiarena egiteak ez zuten batere lagundu egoera konpontzen.

Lerro hauek irakurtzen direnerako euria iragarrita egongo da, astebetez jarraian gutxienez. Pozarren eta aldi berean mesfidati hartuko dugu, hurrengo lehorte-aldia noiz helduko zain. Benetako kolapsoa noiz hasiko zain. Saihestezina dirudi.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK